GARA > Idatzia > Euskal Herria

NaBaik jarririko ikurrinaren aurka jotzeko eskatuko die Sanzen Gobernuak epaitegiei

Nafarroako Gobernua asaldatu egin da Atarrabiako udaletxe alboan, Pello Gurbindo (NaBai) alkateak aginduta, ikurrina jarri dutelako. Kalean egonagatik, legea urratu egin dutela salatu du Alberto Catalanek.

p016_f01_097x132.jpg

GARA |

Kalean ere ez du ikusi nahi ikurrina Nafarroako Gobernuak. Atarrabiako udaletxearen ondoan Udalak jarri duen ikurrinaren aurka jotzeko eskaria egingo diotela epaitegiei iragarri zuen atzo Alberto Catalanek, «legea lehengoratzeko» helburuarekin.

Hamar metrotik gorako mastan jarri zuen ikurrina Atarrabiako Udalak aurreko ostiralean, ondoko plazan. Altuera horri esker, udaletxeko balkoian dauden gainerako banderen -Atarrabiakoa, Nafarroakoa, espai- nola eta Europakoa- parean-edo geratzen da. Hain justu, egun horretan 30 urte betetzen ziren herrian erreferenduma egin eta atarrabiarrek ikurrina «bandera ofizialtzat» jo zutenetik. «Data ona zen orain jartzeko», adierazi zion ostiralean bertan Pello Gurbindo alkateak (Nafarroa Bai) «Diario de Navarra»ri.

Euskal Herriko ikurra jartzeko erabakiaren atzean abuztuan egindako osoko bilkura bat dago. Orduan, NaBairen eta EAE-ANVren aldeko bozekin (NEB abstenitu egin zen eta UPN eta CDN aurka azaldu ziren), ikurrina «Atarrabiako sinboloetako bat» dela esaten zuen mozioa onartu zen. «Ez da autonomia erkidego baten bandera soilik, Euskal Herrikoa baizik», gaineratzen zen idatzian. Nafarroan indarrean dagoen Sinboloen Legea ere kritikatzen zen; hain justu, horren arabera kenarazi zuten orain urte batzuk ikurrina udaletxeko balkoitik.

Udalaren ekimen hori gaitzetsi zuen Catalanek prentsaurrekoan. «Euskal nazionalismoa bere berezko izatera itzuli da, bere ideia politikoetara. Beren benetako aurpegia eta asmoa erakutsi dituzte, legeari ihes egin nahian eta Nafarroako herriaren borondatea errespetatu gabe; eta Konstituzioaren eta Foru Hobekuntzaren barruan nafar eta espainol izaera ematen diguten sinboloak errespetatu gabe», esan zuen.

«Ikur sentitua eta barneratua»

Horregatik, botere publikoei zuzendu zitzaien «legalitatea lehengora» dezaten eta herrialdeko ikurrei «mespretxu egiten dieten jokabideak» saihes ditzaten. Onartu zuen ikurrina ez dagoela udaletxean, baina «eremu publikoan» dagoela nabarmendu zuen. Eta Udaleko langileek jarri izana ere argudiatu zuen bere Gobernuaren jarrera arrazoitzearren. Hori nahikoa da, Catalanek esandakoaren arabera, Sinboloen Legearen defentsa egiteko. «Bakoitzak bere etxean gustuko duena jar dezake, baina ez erakunde batean. Erakundeetan legalitatea bete behar da», gaineratu zuen, kokapen zehatza zein duen ahaztuta-edo.

Gurbindok egindako adierazpenei ere erantzun zien. «Bere asmoa zein zen onartu du. Aurrez pentsatuta egin du, eta horregatik espero dut epaitegiek horren arabera jardungo dutela. [Sinboloen Legearen] Aurreko egoerara itzuli nahi izan du, eta Udalak legelitatea urratzen duen mozioa onartu du».

Ostera, alkatearen ustez, «legalki eskuduntzak» baditu Euskal Herriko ikurra jartzeko, «eta moralki osoko bilkuraren ge- hiengoaren babesa» du. Gehiago ere esan zion «Diario de Navarra» egunkariari: «Ikurrina oso bandera sentitua eta barneratua da nafarren eta atarrabiarren artean. Atarrabian jendea baldin badago, eta asko dira, bere banderatzat espainola duena, eta ez ikurrina, nik errespetatu egiten dut. Inoiz egingo ez dudana da bandera espainol hori udaletxetik kendu, atarrabiar guztien alkate izan nahi baitut».

EAE-ANV

David Bizkai zinegotziaren iritzian, Udalaren erabakia «demokrazia berrezartzea da, eta ikurrinari aitorpen instituzionala egitea Atarrabiako sinbolo gisara. Herritarrek 1977an esan zuten egon behar zuela».

Nafarroa bai

Maiorga Ramirezek ere duela 30 urteko erreferendumaren emaitza gogorarazi zuen, eta honakoa gaineratu: «Legalitatea betetzen du. UPNk erasoa berpiztu nahi du sinboloen gaian, gizartea asaldatzeko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo