GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hiri hondakinak kudeatzeko herritarren ekarpenak jasoko ditu Lakuak urrian

Lakuako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak biztanleen ekarpenak jasotzeko epea ireki du. Urriaren 31 bitartean biltzen dituen ideiekin etxeko hondakinak kudeatzeko dokumentua osatuko du.

p021_f02_148x104.jpg

GARA |

Etxean sortzen den zaborra nola tratatu behar den zehazteko asmoz, Lakuako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak informazio publikorako aldiari hasiera eman dio, gaiaren inguruan lanean diharduten erakundeekin dokumentu bat adostu ondotik. Hiri hondakinen koordinazio organoaren barrenean lortu dute adostasuna; Gasteizko Legebiltzarrak eskatuta eratu dute organo hori eta Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak, Arabako Aldundiko Hirigintza eta Ingurumen Sailak, Bizkaiko Aldundiko Ingurumen Sailak eta Gipuzkoako Aldundiko Garapen Iraunkorreko Sailak osatzen dute.

Biztanleen ekarpenak jasoko dituzte urriaren 31 arte, eta ondoren idatzi bat osatuko dute guztiekin. Bertan zehaztuko dute nola kudeatu behar den etxeetako zaborra, baita saltokietan sortu eta hiri hondakin gisa tratatzen dena ere.

Lakuako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak azaldu duenez, dokumentua baliagarria izanen da aipatutako organoak «proposatutako programak eta ekintzak koordina ditzan, betetzen direla berma dezan eta balizko ikerketa arloak identifika ditzan». Hala, gainera, «aldundietan eta udalerrietan garatzen diren ingurumen politikak bateratu ahal izanen dira».

Hiri hondakinak kudeatzeko jarraibideek Europako legediak zehaztutako hierarkia agindua betetzen dutela adierazi du Lakuak; horren arabera, prebentzioak izanen luke lehentasuna, eta gero izango lirateke berrerabilpena, birziklatzea, balioa emateko bertze ekintza batzuk eta, azken tratamendu aukera, ezabatzea.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, pixkanaka-pixkanaka hiri hondakin gehiago sortzen joan da azken urteotan. Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko azken datuak horren erakusgarri dira: 1995ean 976.000 tona sortu ziren eta 2005ean, 1.165.000. Beraz, denbora tarte horretan pertsona bakoitzak sortutako zabor kopurua %17 igo da. Zenbaki horiek txikitzeak klima aldaketan eragin txikiagoa izatea ekarriko luke, Lakuaren arabera.

Iruñeko Soltxate muinoko kartzela gaitzetsi du Lurrak

Lurrak, Ingurumena babesteko lanean ari den elkarteak Gobernu espainolak Iruñeko Soltxate muinoan (Santa Lucian) eraiki nahi duen espetxea txarretsi du, naturaren eta gizartearen kontrako bertze ekintza bat dela irizten diolako, babestutako gune batean egina gainera. 1999an eskualdeko hiri antolamenduaren inguruko arau batzuk onartu zituzten; zerrenda bat ageri da Iruñea inguruko hamar paisaia babesturekin, eta horietako bat da Soltxateko kaskoa. Sailkapenaren helburua guneak babestea da, «eraikitzeko ekintzetatik bereziki». Udal-planean ere gune babestu gisa ageri da kartzela eraikitzekotan diren muinoa.

Milioi bat metro karratu inguru ditu Soltxateko gune horrek, eta espetxea eta dagozkion azpiegitura guztiak egiteko proiektuak espazioaren %60 baino gehiago hartuko luke. Lurrak salatu duenez, «Iruñeko mendebaldeak hain beharrezkoa duen birika naturala galtzea» ekarriko luke horrek. Era berean, egitasmoa onartu aitzinetik landen desjabetzea iragarri izana kritikatu du. «Herritarrek ez dute ulertzen zertarako izendatzen dituzten leku batzuk gune babestu, praktikan ezertarako balio ez badu. Ez dezatela deus babestu, azkenean berdin baitu... aldatu egiten dute eta kito», azaldu du elkarte ekologistak. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo