GARA > Idatzia > Ekonomia

Laborantzan ekoizleek eta erosleek duten ardura nabarmenduko du Lurramak

Aurten ere EHLGk Lurrama ekimena antolatu du. Iaz egin zuten lehen aldiz Ipar Euskal Herrian laborantza iraunkorraren garrantzia sentsibilizatzeko helburuarekin. Azaroaren 2an abiatuko da eta hiru egunez Baionako Glain-en eta Chahon hamaika ekimen izango da.

p030_f01_199x108.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Iaz, estreinakoz, Euskal Herriko Laborantza Ganberak (EHLG) hainbat elkarte eta talderekin elkarlanean Baionan antolaturiko Lurramaren arrakastak bultzatuta, aurten ere, erakustazoka errepikatzea erabaki dute.

Lehen edizioan ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko ezagutza eta lotura areagotzea izan zen helburu nagusia. Aurtengoak, berriz, biek ala biek laborantzan duten «eragina eta ardura» azalaraztea izango du xede. «Ekoizleek kalitatezko mozkinak, osasungarriak eta anitzak egiteko orduan ardura nabaria dute. Baita ingurumena zainduko duten laborantza sistemak eta erabiliko duten tresneria hautatzekoan ere» esan zuen Beñat Molinosek atzo, Baionan egindako agerraldian.

Era berean, kontsumitzaileak eragile zuzenak direla ohartu behar dutela nabarmendu zuen: «Dudarik gabe, kontsumitzeko moduak eragin zuzena dute nekazaritzan. Jarduera ekonomiko iraunkorra bermatzeko zer egitekoa badutela konturatu behar dute kontsumitzaileek» gehitu zuen Molinosek.

Erakutsi eta informatu

Eduki horiek ardatz hartuta prestatu dituzte hainbat ekimen; esaterako, azokan ekoizleek zuzenean emango dituzten azalpenak; transgenikoei edo laborantza biologikoei buruz ezarriko diren mahai bereziak edota Elkar Megadendan egingo dituzten hitzaldi eta eztabaidak.

Maryse Cachenaut EHLGko ordezkariak erakustazokaren inguruko xehetasunak eman zituen. Hala, aurten hiru egun -azaroaren 2,3 eta 4- iraungo du, iaz baino egun bat gutxiago eta ekitaldiak bi gunetan banatuko dira. Glaineko Elkarteen Etxean ostiraleko Euskal Kantu Gaua eta igandeko bazkari gastronomikoak egingo dira; gainerako ekintzak Kontseilu Nagusiaren aitzinean dagoen Chaho zelaian.

Azken gune horrek hobekuntza nabarmenak ekarriko dituela adierazi zuen Cachenautek: «Iaz bazkaria egiteko azoka kendu behar izan genuen. Bi lekuetan banatuta, erosotasunez arituko gara, batez ere, kabalak erakusteko. Iazkoa leku oso txikia zen eta ikusi ahal izateko ilara luzeak gertatu ziren».

2006ko eskarmentutik ikasita, beste berrikuntza batzuk ere izango dira, hala nola ingurumenari lotutako gunea eta erdi-erdian 300 bat pertsonarentzat ezarriko duten jantoki-taberna.

Lurrama jende guztiari irekia bada ere, aurtengoan ahalegin berezia egin nahi dute laborariei begira; izan ere, iaz erakustazoka nekazari askok bisitatu zuela konturatu ziren. Ildo horretatik, tresneria erakutsiko duen guneari garrantzi handiagoa emanen diote.

Umeen txokoa

Umeei bereziki zuzendutako animazio ugari izango da aurten ere. Hainbat lantegi antolatu dira: dastaketa edota usainak lantzekoa, baratzagintzakoa, elikadurakoa, baserri pedagogikoa eta hondakinen bilketa eta tratamendua erakusten dutena.

Laguntzaileei esker beteko dute egitaraua

Iaz ez bezala, antolatzaileek ez dute aurten prefekturaren aldetik presiorik izan baina, halere, antolakuntza-lana handia da oso. «Lehen edizioan izan ziren ekimenei aurre egiteko 450 laguntzaileren parte-hartzea ezinbestekoa izan zen. Haiek gabe ezingo genuke Lurramarik egin» adierazi zuen Maryse Cachenautek, iaz 31.000 bisitari izan zirela gogoratuta.

Elkarte eta taldeen partaidetza ere goraipatu zuen Bixente Eiherabidek, egitarauaren nondik norakoak azaltzerakoan.

Hiru egunez, 10etatik 19.00etara irekita izango da Lurrama eta, ostiral arratsean afaria eta igande eguerdian euskal sukaldari «handiak» prestaturiko bazkaria. Txartelak aldez aurretik salgai izanen dira Elkar Megadendan, Donibane garaziko Kukuxka liburutegian eta EHLGko egoitzan Ainhize-Monjolosen.

Ostiral arratsean, errugby derbya dagoela baliatuta, «nolabaiteko hirugarren denbora» antolatu dute Chaho zelaian: kontzertua, dantzak... Hiru egunetan ekitaldi ugari izango da: musika, txarangak, mutxikoak, estropadak Errobi ibaian, pintxo dastatzea, azoka... Xehetasunak jakiteko blog bat jarri dute: http://lurrama.blogspot.com. A. M.

200.000 euro

Erakunde publiko eta pribatuetatik laguntzak jasotzen baditu ere, Lurramak 200.000 euro inguruko aurrekontua izango du. Gastuei aurre egitearren, aurten, 15 urte gorakoei sarrera 2 euro ordainaraztea erabaki dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo