Berezkoak
Bordeleko eta Baigorriko torneoak hastear daude
EPBko eta Aspeko pilotariek elkarrekin jokatuko duten lehiaketak oriandik datarik ez badu ere, litekeena da azaroaren amaiera aldera jokatzea
Jon LEUNDA | DONOSTIA
EPB enpresak datorren asteetan antolatuko dituen torneoak eman ditu ezagutzera, eta oraingoz Bordelekoa eta Baigorrikoa daude zehaztuta. Izan ere, urriaren amaieran Mexikon ere jokatuko dute, baina bertara doazen pilotarien zerrenda ez dago erabakita.
Data falta zaion bestea, Aspekoekin jokatu behar duten torneoa da, baina berehala zehaztuta izatea espero dute. Hala ere, azaroaren amaiera aldera izango dela, seguruenik ere, adierazi zuen Jean Michel Idiart EPB enpresako arduradunak. Lehiaketa hori asteburu honetan jokatu behar zuten, baina Irujok eta Xalak min hartu zuten, eta badaezpada ere atzeratzea erabaki zuten
Hasiko den estreinakoa Bordelekoa izango da, AS Torneoa. Urriaren 7an jokatuko dute lehenengo finalerdia, eta bertan neurtuko dira Idiart-Maite Alfaroren eta Kurutxariren aurka Urriaren 11n izango da bigarren finalerdia, eta egun horretan Ezkurra anaiek Larretxearen eta Errekarten aurka neurtuko dituzte indarrak. Urriaren 18an jokatuko da finala Partida guztiak 20.15etik aitzinera jokatuko dituzte. Bordelen euskaldun asko bizi dira, eta lehiaketak sekulako ikusmina piztu omen du, pilotari profesionalak ikusteko duten aukera bakarra izaten baita.
Torneo hori amaitu aurretik abiatuko da Baigorriko Herriarena lehiaketa. Final-laurdenetako lehen partida urriaren 14an jokatuko dute Biele-Etxetok eta Idiart-Ezkurra II.ak. Irabazten duenak finalerdia Ibarrolaren eta Dermiten aurka urriaren 21ean izango dute. Fina-laurdenetako bigarren partida ere urriaren 14an jokatuko dute Etxeberri-Kurutxarik eta Larretxea-Lazkanok. Irabazten duenak finalerdia urriaren 21ean jokatuko dute Sorhuet-Ozafrainen aurka. Finala,urriaren 28an izango da 17.30etik aurrera, hain justu ere.