GARA > Idatzia > Euskal Herria

Madrilek eta Lisboak ETAri aurka egiteko ikerketa taldeak eratzeko ituna sinatu dute

GARA |

Estatu espainolak eta Portugalek elkarlanean ekingo diote ETA erakunde armatuaren aurkako lanari eratu berri dituzten bi ikerketa talderen bidez. Atzo Lisboan sinatu zuten akordioaren arabera, oraingoz bi ikerketa talde eratuko dituzte, nahiz eta aurrerago gehiago osatzea ez alboratu; polizia indar espainol eta portugesek, epaileek eta fiskaltzek osatuko dituzte ikerketa lan-talde horiek.

Europar Batasuneko Barne eta Justizia ministroen bilkura Portugalgo hiriburuan atzo egitekoa zela baliatu eta elkarlanerako akordioa sinatu zuten. Barne ministro espainol Alfredo Perez Rubalcabak eta Justizia ministro Mariano Fernandez Bermejok osatu zuten Madrilen ordezkaritza; Portugalgoa, Barne ministro Rui Pereirak eta Justiziako Alberto Costak ordezkatu zuten.

Oraingoz, bi ikerketa talde

«Terrorismoak ekartzen duen mehatxuaz jakitun izanik», Madrilek eta Lisboak «behar den guztietan» bi estatuetako poliziez, epaileez eta fiskaltzaz osatuta egongo diren ikerketa lan-taldeak eratzea hitzartu dute akordio bidez. Oraingoz, bi izango dira eratuko diren taldeak.

Nahiz eta oraindik bi estatuetako epaileen eta fiskaltzen azken erabakiaren zain egon, Ma- drilen desioa, Perez Rubalcabak esandakoaren arebera, bi ikerketa talde eratzea da: batak, oro har, ETAk Portugalen izan bide duen estruktura edo herrialde horretan egindako ekinbideak jazartzea izango du xede nagusia; bigarrenak, aldiz, Guardia Zibilaren Durangoko kasernaren aurkako atentatuaren harira Portugalgo matrikula zuen autoaren gaineko ikerketa eramango luke aurrera.

Bi estatuek sinatu berri duten akordioan jasotzen denaren arabera, bai Madrilek bai Lisboak «giza baliabideen eta polizia indarren materialak elkartrukatuz, erabateko elkarlana bermatuko dute, eratuko diren ikerketa lan-taldeen jarduna eragin- korra izan dadin».

Orain arte, mota horretako akordiorik sinatu ez izanak ez du adierazi nahi, Alfredo Perez Rubalcabaren hitzetan, bi estatuen artean elkarlanik ez dagoenik. «Polizia lana gauzatzen ari da jada, eta Portugalekin dugun elkarlan poliziala ezin hobea da», nabarmendu zuen Barne ministro espainolak.

Uneotan ETAk ea Portugalen talde egonkorrik ote duen ikertzen ari direla azaldu zuen Rubalcabak; hasiera batean hipotesi hori alboratu bazuten ere, Durangoko kasernaren aurka egindako erasoaren ondotik berriro ere zantzu berriak gehitu direla gaineratu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo