Kilometroak, elkarlanaren fruituak plazaratzeko prest
Bergarako Aranzadi ikastola Kilometroak antolatzeko urte osoan eginiko elkarlanaren fruituak plazaratzeko prest dago. Milaka euskaltzale jasotzeko itxaropenaz, 6.510 metroko ibilbidea ekimenez bete egin dute. Hala, eguneko abestiak eta lemak dioen bezala, «argi daukagu» aurtengo Kilometroak ikastolen aldeko egun arrakastasua izango dela.
GARA |
Urtero bezala, Kilometroak jaiak urriko lehen igandearekin batera egingo dute aurten ere. Biharko edizioa Bergarako Aranzadi ikastolak antolatu du, eta bertan lortutako dirua, Errege Mintegian erabiltzen dituzten instalazioetan inbertituko dute.
Aranzadi ikastolak, gainera, bere lan filosofiaren adierazgarri bilakatu nahi izan du Kilometroak'07. Elkarlana izan da urte osoko prestakizunetan gailendu den hitza. Horren adibidea aurtengo abestia sortzeko prozesua izan da. Bergarako bertso-eskolak, dozena bat musikarik, ikastolako umeek osatutako koroak... lagundu dute letra eta musika sortzen eta diskoa zein bideoklipa grabatzera.
Naturagunea eta hirigunea
Naturagunea eta hirigunea hartuko ditu Bergaran atondu duten ibilbideak. Horiek hala, hainbat gunetan izango diren ekitaldiak gozatzeaz gain, Bergara inguruko parajeak ezagutzeko aukera izango dute bihar Kilometroak jaira bertaratuko diren euskaltzaleek.
Zirkuitu irekiera 9.30ean egingo dute, ohiko zinta mozketaren bidez, ikastola ondoan egongo den sarrera nagusian. Horren ostean, umeentzako ekitaldiak izango dira nagusi goiz osoan, eta arratsalde partean, berriz, musikak beteko ditu gunetan izango diren agertoki guztiak.
Kilometroak'07ko jaian parte hartu nahi izanez gero, antolatzaileek herrietan antolatzen diren autobusak eta garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute. Hala ere, kotxez bertaratuko direnentzat aparkaleku bereziak prestatu dituzte.
Euskal Curriculuma
Udalbiltzaren ordezkaritza bat Bergaran izango da zirkuituaren irekiera ekitaldian. Udalbiltzaren arabera, Kilometroak Euskal Curriculumaren garapenerako lanari bultzada emateko aukera ezin hobea izango da.
Pesa garraio enpresak autobus zerbitzu bereziak antolatu ditu bihar Bergarara joateko. Debagoienetik, Debabarrenetik, Urola Garaitik, Elorriotik eta hiriburuetatik aterako dira autobus horiek.