GARA > Idatzia > Alaves

Lehen garaipenaren zain

Arranz: «Erasoan urrats bat egin behar dugu aurrera»

Valladolidek utzitako jokalariaren ustez, taldeak ezin du Salamancara emaitzarekin espekulatzera joan, «behingoz lehen garaipena lortu behar dugu»

p049_f01_97x108.jpg

Jon ORMAZABAL | GASTEIZ

Taldean emaitza txarrek antsietaterik sortu izana ukatu arren, denboraldiko lehen garaipena «behar-beharrezkoa» dutela nabarmendu zuen atzo Asier Arranz erdilariak entrenamenduaren ostean. Valladolidetik utzita etorritako aurrelariaren ustez, Salamancakoa aukera polita izan daiteke baina horretarako taldeari erasoko jokoan «pauso bat aurrera» eman behar duela eskatu zion.

Bere ustez, «taldeak daukadana ez da antsietatea, baizik eta hurrengo partida jokatzeko gogoa. Izan ere, aste osoan lan ikusgarria egiten dugu entrenamenduetan eta apur bat falta zaigu partidetan garaipenak eskuratzeko».

Segoviakoaren iritziz, taldeak asko hobetu du azken jardunaldietan defentsa lanetan, «azken partidan esaterako atea hutsean mantendu genuen lehen aldiz», baina garaipenak heltzeko erasoan hobetu beharra daukate. «Hemendik aurrera konfiantza izaten jarraitzeko aurrera egin behar dugu, erasoko jokoan aurrerapausoa eman beharra daukagu, ea sortzen ditugun aukerak behingoz sartzen ditugun», adierazi zuen.

«Espekulaziorik ez»

Behar handia duten bi talde arituko dira nor baino nor bihar Helmantico zelaian. Izan ere, Salamancak gasteiztarrek baino puntu bakar bat gehiago daukate. Hala ere, erdilari babazorroak ez du uste aurkariaren urduritasunarekin jokatzera irten daitezkeenik eta hasiera hasieratik hiru puntuen bila joan behar dutela nabarmendu zuen, nahiz eta orain arte etxetik kanpo jokatutako partidetan kontrarioei eman dieten partida kontrolatzeko ardura.

«Igandean ez daukagu, inolaz ere, emaitzarekin espekulatzera irteterik, lehenbailehen lortu behar baititugu lehen hiru puntuak etxetik kanpo, gero etxekoak ziurtatzen hasi eta taldeak gora egin dezan».

Jokatzea zail dago aurtengo Alavesen, konpetentzia handia delako, baina hori taldearen onurarako delakoan dago Asier. «Taldearentzat hori ona da, denak tentsioan gaudelako eta entrenamendu bakoitzean denek eman behar dugu guztia hasierako hamaikakoan leku bat izateko, horiek hala ez dago erlaxatzeko astirik».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo