GARA > Idatzia > Kultura

Joan berri den Zinemaldian 200.000 ikusle inguruk hartu zuten parte

GARA | DONOSTIA

Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko 55. edizio honetan antolatutako ekintza eta emanaldietan 200.000 bat ikuslek hartu zuten parte, antolatzaileek atzo esan zutenez. Sarreren salmentak ere gora egin zuen, %8, eta guztira 100.576 sarrera saldu zituzten. Ikusle kopuru honi, gainera, kreditatu gisa izandako 60.300 ikusleak gehitu behar zaizkio, Belodromoko goizeko saioetara joandako 18.000 ume, bai eta beste jarduera batzuetara joandako parte-hartzaileak ere.

Era berean, zinema aretoen betetze-indize hazkorra nabarmendu zuten antolatzaileek, aurtengo edizioan %76 erdietsi zuena.

665 emanaldi

Aurten 34 herrialdetako 224 film eskaini zituzten, guztira 665 emanaldi. Halaber, Zinemaldiko sailetako filmen lurraldekako salerosketak gorakada «nabarmena» izan zuen. Horiek hala, guztira 1.230 profesionalek esku hartu zuten Sales Officen, bideotekan 168 pelikulen 1.391 ikustatze egiteko baliatu zituztenak. «Zinema Mugimenduan 3» ekimenean, berriz, 17 herrialdeetako 82 profesional eta 68 enpresek hartu zuten parte.

«Zinema Eraikitzen» ekimenak ere partaidetza areagotu zuen eta 17 herrialdetako 129 pelikula jaso zituzten; horietatik sei pelikula aukeratu zituzten: «Acn?», «La extranjera», «A festa da menina morta», «Gasolina», «Una semana solos» eta «Sol na neblina». Jardunaldi hauetan, 21 herrialdetako 127 enpresatako 198 parte-hartzaile izan ziren.

Alde horretatik, gazteriaren epaimahaian 17 eta 21 urte bitarteko 230 ikaslek parte hartu zuten. Zabaltegi eta Sail Ofizialeko 26 filmen gaineko epaia erabaki zuten aipatutako gazteek.

Publikoaren Sarian izandako partaidetza handia eta banatutako puntuak asko izan zirela ere nabarmendu zuten atzokoan. Izan ere, «Zabaltegi-Bitxiak» saileko hamahiru filmetatik zortzik, gehieneko 10 puntuetatik, 7tik gora puntu lortu baitzituzten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo