Berezkoak Desafioa
Waltari eta Ezkurra II.a elkarren aurka buruz buru neurtuko dira Angelun
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Askok luze itxaron duen partida ikusteko aukera izango dute gaur pilotazaleek; izan ere, Paxkal Ezkurra eta Agusti Waltari elkarren aurka arituko baitira buruz buru Angelun, 18.00etan hasita.
Askoren ustez, bakarka jokatzen duten bi pilotaririk onenak dira, eta denek ikusi nahi dute bien arteko dema. Egia da, ordea, norgehiagoka hau, bata zein besteari ez datorkiela unerik egokienean, orain baino sasoi hobea izan baitute lehen bi pilotariek. Paxkalek Buruz Burukoa irabazi zuenetik beherakada dezentea izan du, eta goraka hasita baldin badago ere, ez du orain dela hilabete batzuk zuen freskotasun hura.
Waltari ere berdintsu dabil. Kubatarrak oso maila ona erakutsi zuen eta hori, binakakoa irabazita baieztatu zuen. Gerora, ordea, bere maila jaitsi egin da. Ezkerparetean ere aritu da, eta mutila nahiko nahasita ibili da. Orain trinketean arituko dela dakienetik, agian, lasaitu eta berriro ere mailarik onena erakusteko moduan izango da.
Urruñakoa eta Kubakoa bi aldiz aritu dira elkarren aurka bakarka, eta bietan lapurtarra izan da garaile. Azkenekoan, joan den abenduan jokatu zuten elkarren aurka Donibane Garazin, Superprestigioan; han, Ezkurrak 40 eta 35 irabazi zuen.
Gaur hirugarren aldia izango dute, baina ikusmina sekulakoa izango da. Aurretik, gaztetxoen, eta gazteen finalak jokatuko dituzte. Pilotazaleentzat, egun aproposa izan daiteke, beraz, Angeluko trinkete berrira joan eta norgehiagoka bikain batez gozatzeko.