GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

TASIO ERKIZIA BATASUNEKO MILITANTEA

Ez gaituzue kikilduko !!!

Minberaturik naukazue. Minberaturik eta amorruz. Ez dut hitzik aurkitzen bidegabekeria basati hau salatzeko. Bor-bor hitz bortitzak irteten zaizkit, solas iraingarriak. Demokraziaren izenean lan publikoan diharduten hainbat emakumeren eta gizonen atxiloketak ez baitu inolako zentzurik eta ez justifikaziorik ere. Baina, halere, uko egiten diot beraiek eraman nahiko gintuzkeen bidetik jotzeari. Errepresioari erantzun sendoa eman behar diogu, baina argumentu politikoetan finkatu eta arrazoitutakoa.

Estatu espainolak, lehengo lepotik burua. PSOE izan ala PP egon gobernuan; Franco hil berritan, zein 35 urtera; ustezko negoziazio garaian, aurretik eta ondoren; funtsean, analisi berdina egiten dute: Euskal Herriaren askatasun egarria nola edo hala ito egin behar da, espainol sentitu behar dute. Onean edo txarrean, baina Espainiarrak izango dira. Zergatik? Indarra beraiek dutelako. Eta, horretarako, noizbehinka ea burua makurtzen dugun eta «sisteman» behingoz integratzeko prest ote gauden frogatzen dute sasi-irtenbideak proposatuz, azken bi urte hauetan bezala. Baina, ikusirik Independentisten jarrera koherente eta duina dela, indar poliziala areagotzen dute, torturatuz, atxilotuz eta kartzelatuz. Makilaren eta azenarioaren politika fidelki aplikatzen dute, baina inoiz errepresioaren bideari uko egin gabe.

Beraz, Batasuneko ia zuzendaritza osoa kartzelatzeak motibazio eta helburu politiko garbia du: herritarrengan etsipena zabaltzea. Amore ematea beste biderik ez dugula ikusaraztea. Sinetsaraztea ez dagoela ez irtenbide politikorik, eta ez zuzendaritzarik ere; eta ondoren, abertzaleon artean umezurtz gauden sentimendua zabaltzea. Euskaldunoi, berriro ere, galdu dugun itxura barneratzea.

Eta bestetik, mintzakide izan diren guztiak atxilotuz bistan gelditzen da, Estatu espainolak eztabaida eta arrazoi politikoari dion beldurra. Jakin badakite mahaian jartzen dugun proposamena guztiz DEMOKRATIKOA dela; gure proposamenaren oinarria soilik herri honek erabakitzen duena Madrilek errespetatu behar duela exijitzea dela; ez dugula ezer inposatu nahi, ez euskal gizarteari, eta ez Espainiakoari ere. Baina, beraiek ez dute horretaz eztabaidatu nahi eta horregatik mozten dute elkarrizketa bidea eta mintzakideak atxilotu. Agerian gelditzen da: errepresioa eta gerra zikina, Estatuaren arrazoi falta eta ezina.

Josu Jon Imazek Alderdi Egunean Ezker Abertzalearekiko erakutsi zuen gorroto eta histerismo bera dakusat gaur PSOEko arduradunengan. «La izquierda abertzale no ama a éste pueblo, no son abertzales, simplemente son fascistas», oihukatu zuen PNVko buruzagiak. Zeren adierazgarri da hain hitz gogorrak eta faltsuak erabiltzea? Agian, hain modu koldarrean justifikatu nahi zituen nolabait gure aurkako neurri gabeko eraso eta basakeria horiek? Ziur naiz herri honek bere burujabetza lortzen duen neurrian, gogor epaituko dituela honelako bidegabekeriak.

1997. urtean, laster hamar urte bateko dira, kartzelatu gintuzten Mahaia Nazionaleko kide guztiak. Garai hartako buruzagi politikoek uste zuten ezker abertzalearen zuhaitza errotik moztu zutela, baina berehala kimu berriak sortu ziren. Gu kartzelan geunden, baina emakume eta gizon baliotsuek hartu zuten zuzendaritza. Une batean zabaldu zen etsipen puntua laster batean oskorri berri baten hazi bihurtu zen. Eta orain gauza bera gertatuko da. Oso pertsona garrantzitsuak eraman dizkigute eta hurrengo hilabeteetan baliteke gehiago ere atxilotzea. Baina, gaurko Euskal Herrian pertsona asko daude ardurak eta arriskuak hartzeko prest. Adinduak batzuk, helduak besteak, eta milaka gazte batez ere, aurrera jarraitzeko prest daude eta gaude.

Sarraski honen aurrean erantzun zabala eman behar dugu. Gure haserrea eta egonezina erakustea beharrezkoa da. Baina ez etsi; egon ziur laster sortuko dela zuzendaritza berria eta aurrera irtengo garela. Beti esan dugu, ezker abertzalearen indarra gure militantziaren eraginean dagoela, eta berriro ere erakutsiko dugu hori egia dela. Gizartean erroturik dagoen indar politikoa ez dute inoiz hilko, horretarako gizartea bera desegin beharko baitute.

Eta hori da Madrilek zein Parisek duten kezka : arazoa ez dela ez ETA, ez BATASUNA, SEGI edo ASKATASUNA ere, herri baten erroturik dagoen Nazio kontzientzia baizik. Nola xahutu barne-barnean dugun Herri sentimendu eta izateko nahia? Euskal Herriak bere Burujabetza maite du eta aitortua izateko eskubide demokratikoa du. Espainiak zein Frantziak menpekotasunaren bidetik desagerpena ezarri nahi digute. Baina ez gara kikilduko. Gure arbasoen etxea defendatuko dugu !!!.

Bukatzeko, atxilotu eta beraien senitartekoei musuak eta agur beroena.».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo