GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Ixabel Etxeberria Irakaslea Antton Izagirre Tolosako zinegotzi hautatua

Eudelek, lehengo lepotik burua

Eudelen kokagunea eta funtzioa PNV eta PSOE interesen gestiogile leial bilakatzea izan da, udalen autonomia mugatuz eta Diputazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren koltxoi gisa jokatuz

Duela egun batzuk Eudelen zuzendaritzaren aldaketaren harira, lehendakari izendatu berriaren eta egun Tolosako alkate denaren ahotik giza eskubideei dien begirunearen tamainako kezken berri izan genuen. Benetan loa kentzeraino zein gaiek kezkatzen duten eta bere zentzu demokratikoaren neurria erakutsi berri digu Bildarratz jaunak. Inor gutxi erretratatu daiteke hain garbi hain hitz gutxitan. Inor gutxik utz lezake hain argi bere izaera demokratiko murritzaren marka hain denbora laburrean. Egia esan, ez genuen besterik espero datorrenarengandik etorrita; ez eta, Eudelen gisako erakundearen zuzendaritzak orain artean izan duen joera eta egin duen ibilbidea kontutan hartzen baldin badugu.

Izendatu duten egun beretik garbi geratu da ez dagoela borondaterik, ez interesik ere orain arteko jarrera emendatzeko, ez eta, orain artean erakundeak izan duen morrontza jokaldi ilunetatik haratago joateko.

Erakunde honek politikagintzan duen kokagunea eta funtzioa, PNV eta PSOE interesen gestiogile leial bilakatzea izan da, udalen autonomia muga-tuz eta Diputazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren koltxoi gisa jokatuz.

Eginkizun horretan benetan arreta eman diguna Bildarratzen partzialtasuna eta gertuko historiari egiten dion mespretxua eta trufa izan dira. Hunkiturik agertu zaigu eguneroko politikagintzan bizkartzainez inguraturik diharduten alkate eta zinegotziek behar omen duten ulermen eta babesa eskaintzen, horien merezimenduen gorazarrea eginez aurkeztu digu bere burua. Bere lehen eta ondorengo adierazpenetan, egoera politikoaren larritasunaren eta demokrazia ezaren zantzuen aipamen oro bizkartzainez inguraturiko hautetsienganako oroimenera mugatu da. Bildarratzek, bere eginkizun politikoan egoera horretan dihardutenen testigantzan paparra urratzeraino irmo aritzeko prestasuna agertu digu.Gehiagorako ez dio eman nonbait oroimen murritzak. Horregatik jaso ditu bere alderdikideen PSOE eta PPkoen txaloak eta bizkar igurtziak eta gure mutila puztuta geratu da, bere egitekoa bete duen ustearekin kontzientzia lasaituta.

Eta kito, ez du gehiago pentsatu beharrik izan. Zertarako? Zertarako zalantzan jarri PPk Lizartzan egunero egiten duen okupazioa eta ertzaintzak ematen dion babesa? Kezkatuta agertu da Otaola eta bere koadrilak Lizartzako Udalera joateko bizkartzainak behar dituztelako baina neurriko erantzuna iruditu zaio herritarrak jipoituak izatea adierazpen askatasuna eskatzeko manifestatu nahi izateagatik. Lotsa gutxi izan du udal hautetsi okupatzaileei legitimitatea emateko, legea bete dutela adieraziz. Zertarako aipatu eta gogoratu legez kanpo eta eskubiderik gabe utzitako ehundik gora hautetsiak. Zertarako aipatu Tolosan, bera alkatea den udalean, bigarren indar politikoa, EAE-ANV, udaletxean parte hartzeko ordezkaritzarik gabe utzi izana? Zergatik aipatu Ondarroako Udalak Eudelen izan dezakeen legitimitate eskasa? Zergatik aipatu Udalbiltzaren aurkako auzia eta Udalbiltzako hautetsiek hamar eta hamalau urte arteko zigorra jasan behar izatearen drama?

Memoria ahuleko mutila dugula erakutsi digu bere lehen adierazpenetan.

Hori bai, Bildarratzek ez du aukerarik galdu bere burua goretsiz, bere burua adibidetzat jarriaz, bloke politikaren aurka agertzeko. Gezurra, Bildarratz jauna bera jarri da, hobeto esan, betidanik egon da bloke berean, autodeterminazioaren aurkakoekin osaturiko blokean, eusko-espainiarren blokean, Euskal Herriaren naziotasuna ukatzen dutenen blokean, akordio proposamena porrotera eraman duten ezezkoaren aldekoen taldean. Orain dago eta lehen zegoen, Udaleko oposizioan egon zenean, espainiarren aldekoekin bloke bat egiten zuenean, ezker abertzalearen ekimenen aurkako lidergoa burutzen zuenean. Bloke horretan dago, agintea eta losintxak jasotzearen truke, haien esanetara jarduteko erantzukizuna onartu duelako. Agindutakoa zintzo betetzera kondenatua dagoenaren morrontza irudia eman du Bildarratzek. Lehen egunetik egunkarietako titularren epeltasunera abian jarri du bere kargu berriaren ildoa. Agian bere ego pertsonalaren eta ikuspegi politiko murritza ikusarazten dioten betaurreko lodiegiak jarri dizkiote eta zoritxarrez aurrekoen buru beretik du lepoa.

Ez genuen besterik espero, baina desiragarria izan zitekeen ikuspegi menderatzaileari aurre egiteko adineko kemena zukeen norbait agertu izan balitz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo