GARA > Idatzia > Euskal Herria

Elhuyar anaien antzera, Bergaran bildutako uholdeak euskara argitu du

Elhuyar anaiek wolframioa isolatzea lortu zuten leku berean, milaka eta milaka euskaltzalek euskararekiko duten konpromisoa berretsi zuten. Bergaran izan zen 2007ko Kilometroak jaialdia eta jende andana bildu zen «argi daukagu» leloaren biran. Bertan, ikastolen mugimendua eta euren heziketa proiektua ezagutarazi, eta bide batez, sosak bildu zituzten Aranzadi ikastolarentzat.

p005_f01_111x111.jpg

Aranzadi ikastolak hain beharrezko zuen bultzada jaso zuen atzo, bertan ospatu baitzen aurtengo Kilometroak jaiaren edizioa. Gure hizkuntzaren defentsan zein ikastolen alde eginez, jai giroan euskaraz gozatzeko egun paregabea izan zuten atzo Bergarara hurbildutako milaka eta milaka euskaltzaleek.

Urriko lehen igandearekin batera iritsi zen Kilometroak jaialdia Bergarara, baina oraingoan eguraldia lagun izan zuen. Bigarren aldia da Gipuzkoako ikastolen jaialdi erraldoiak Bergaran geldiunea egiten duena, lehena 1991an izan zen.

«Argi daukagu». Horixe zioten aurtengo ediziorako prestatutako lema zein abestiak. Antolatzaileek argi omen zuten atzoko eguna arrakastatsua izango zela. Esan eta izan, halakoxea izan baitzen eguna: arrakastaz bete-betea, hala baloratu baitzuten arratsaldean bertako antolatzaileek.

Goiz abiatu ziren lehen euskaltzaleak Bergarara bidean, eta are goizago, antolakuntza lanetan ibili behar zutenak. Goizeko bederatzieak bueltan, kolore guztietako petoak soinean zituzten kideak, eta Euskal Herri osotik abiatutakoak nahasten hasiak ziren herrian barrena, denak ikastolarako bidean, bertan baitzen hasiera ekitaldia.

Ibilbidearen irekiera ofiziala 9.30ean izan zen; bertan hainbat agintari eta udal ordezkari bildu ziren. Besteak beste, Batasuneko mahaikide Marije Fullaondo, Aralarreko Aintzane Ezenarro eta EAJko Joseba Egibar. Lakuako Gobernuko bozeramaile Miren Azkarate eta bertako Hezkuntza Saileko arduradun den Tontxu Camposek ez zuten huts egin; eta komunikabideen aurrean euskararen normalizazioaz luze eta zabal aritu ziren.

Politika eta herri erakundeen munduko pertsona ezagunez gaindi, euskara eta hezkuntzarekin lotura berezia duten mugimenduek ere ez zuten hitzordua galdu nahi izan. Han izan ziren LABeko hezkuntzako kideak, edo EHBE edota Udalbiltzakoak ere bai.

batasuna gogoan

Ekitaldian ordea, Bergarako alkate den Agurne Barroso izan zen lehena hitza hartzen eta lehen hitzekin batera, Bergaran egoteko beta izan ez dutenak izan zituen gogoan. Bereziki, orduantxe Garzon epailearen aurretik igarotzekoak ziren Batasuneko 23 militanteak. Haientzat izan ziren eguneko lehenengo txaloak.

Alta, gaiz aldatu eta nazio eraikuntzaren alde jo eta ke lanean dabiltzan horiek animatu zituen Barrosok. Gainera, Euskal Herriak beharrezko duen hezkuntza sistema nazionalaren alde lanean jarraitzeko deia egin zuen.

Haren ondotik, Tontxu Camposek, Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko lehendakari Arantza Manterolak eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok hartu zuten hitza. Hala ere, une hunkigarriena Edu Muruamendiaraz dantzariak eta Uxue Rodriguez abeslariak eskaini zuten beren aurreskuarekin.

Ekitaldiari amaiera emateko, ohikoa den bezala, zinta moztu zuten; bertako protagonista Bergarako hiru belaunaldi barnebiltzen dituen sendi bat izan zen.

Formalidadeen ostean, suziria zerura... eta parranda! Country doinuaren jiran han-hemenka ibili ziren bertaratutako milaka pertsonak.

Behin ibilbidea irekita, pausoz-pauso, urratsez-urrats, sei kilometro pasatxo zituen ibilbidea aurkitu zuten euskaltzaleek beren gozamenerako. Adin guztietako jendea; nagienek ere, disfrutatzeko beta izan zuten paseotxo lau-laua izan baitzen atzokoa.

Kilometroak jaiegunerako ibilbidea zehaztea ez omen da lan makala. Izan ere, ugari dira aintzat hartu beharreko kontuak: autobus eta autoentzako aparkalerkuak, guneen kokagunea, segurtasun neurriak... Eztabaida eta burukomin askoren ostean, ordea, Bergarako ibilbidea egokia zela frogatu zuten. Gainera, hiriguneak eta naturguneak bat egin zutenez, gustu eta kolore guztietako pertsonak alai eta kontent ibili ziren batetik bestera.

sei kilometro sei gune

Ibilbidearekin batera egitaraua ere primerakoa izan zen, ekitaldiz bete-beterik zeuden sei gune topa baizitezkeen ibilbidean barna: Herrigunean zegoen Ikastola gunea; atseden eta lasaitasunerako toki bilakatu zen Usondo gunea; umeen helburu zen Matxitegi gunea, eta gazteen bilgune izan ziren kiroldegia eta Espoloia eta Artabila guneak.

Kilometroak jaialdiaren arrakastaren isla Anje Duhalderen emanaldia izan zitekeen, edo Pantxoa eta Peiorena, edota agian, Kautaren kontzertua. Ikusmin handia sorrarazi zuten kontzertuak izan ziren horiek, jendez lepo egon baitziren. Hala ere, ume kopurua ikusita, ezin dugu alboratu Betizuen eta Txan Magoaren saioek jasotako harrera... zelako algarak sortu zituzten Txanek erabili ohi dituen hitz magikoek artxila mortxila!.

Jendea Bergarara iristeko irrikaz zen. Eta irrika horrek hainbat arazo ere eragin zituen Bergarako sarreran denbora tarte batez; hala ere autobus zerbitzua indartu, eta arazoa konpondu egin zen. Osterantzean, antolakuntzak esandakoaren arabera, ez zen bestelako arazorik izan.

Irrikaz topatu genituen besteak beste, Nahikari eta Josu, 3 eta 6 urteko anai-arreba donostiarrak. Goiz esnatuak ziren, eta plaierak eta txandala soinean jantzita, autoan sartu ziren Gorka eta Miren gurasoak lagunduta. Bi umetxoek bidaia osoa, «zenbat falta da? noiz iritsiko gara?» esanez igaro dutela aitortu du Mirenek, eta kotxetik jaitsi bezain pronto, korrika abiatu direla dio barrezka. Baina, zergatik horrenbesteko urduritasuna? galdetu diegu haurrei. Haiek, lotsati, Kilometroak oso gustuko dutela azaldu digute.

Biek ala biek iaz ezagutu zuten Gipuzkoako ikastolen aldeko jaialdia, etxetik gertu izan baitzuten aurreko edizioa, Oiartzunen. Alta, horren egun polita igaro ostean, aurten autoz kilometroak egitera animatu direla adierazi zuen Gorkak. Han utzi genuen familia, ikastola gunean, puzgarri batetik bestera lasterka.

koloreak nonahi

Koloreak ez ziren faltan izan Bergaran. Etxeetako balkoiak ere, Kilometroak jaialdiarekiko elkartasuna adierazten zuten banderaz dekoratu ziren. Hori gutxi balitz, etxeko txikienen masailak ere kuadro bilakatu ziren atzo. Komeriak ordea, gauean etxera iritsi orduko aurpegiak garbitzeko!

Baina, etxeko txikienak ez ziren izan disfrutatzeko parada izan zuten bakarrak. Adin guztietako pertsonak izan ziren Bergaran bildutakoak, helduak, zaharrak, gazteak... batzuk jan edanean, eta besteak jolasean. Batzuk kontzertutan dantzan eta besteak zelaian lasai. Denek izan zuten, ordea, non ongi pasatu.

Leire, Idoia, Maider eta Haizea Kiroldegi gunearen bila ero moduan aritu ziren aurrera eta atzera. Kontzertuak hastear ziren, eta ez zuten akorde bakarra galtzeko asmorik. Urduri zeuden laurak, beraientzat ez zen lehen Kilometroak, baina bai, gurasorik gabe, koadrilan, ospatzen zuten lehena. Gazte asanbladak antolatutako autobusean izena eman, jana eta edaria erosi, eta Bergararako bidean jarri ziren goizean, parrandatxo polita egiteko asmoarekin.

Hainbat jendek ikastolen aldeko jaiak ongi pasatzearekin lotzen dituen arren, helburu zehatz ugari egon ohi dira gisa honetako jaialdien atzean.

Aurtengoan, Aranzadi ikastolaren izaerarekin eta filosofiarekin lotu nahi izan dute, eta horrexegatik elkarlana da gehien nabarmendu nahi izan duten balorea. Elkarlanean antolatu baitute bai atzoko eguna, bai egun horren atzean egon den prestakuntza osoa.

Helburu zehatzei erreparatuta, ordea, hiru mailatan bereizi dituzte antolatzaileek eskuratu beharreko xedeak.

Lehena ingurunearekin dago lotuta. Kilometroak ikastolen jaia izateaz haratago, herriaren festa izatea nahi zuten Aranzadiko kideek, eta xede hori lortzeko lan andana egin dute urte osoan, ondorioz, Bergara eta ikastolaren arteko elkarkidetza dezente trinkotu da.

Instalazioak berritzea

Bigarren xedeak, ikastolek Euskal Herrian duten heziketa proiektuarekin du lotura. Ikastolen mugimendua bere horretan, eta bere proiektua ezagutzera eman nahi dituzte. Gainera, Kilometroak baliatuz, Euskal Herriko lurralde guztietako ikastoletako elkartasun bideak sustatu nahi izan dituzte, ikastolen arteko kohesioa eta elkarkidetza areagotzeko.

Baina, jakina, helburu horiek guztiak praktikara eramateko dirua beharrezkoa da, eta Aranzadi ikastola ez da horretan salbuespena.

Egun Aranzadik erabiltzen dituen instalazioak, Errege Seminarioan eta Martinez de Iralan daude banatuta. Atzo jasotako dirua, ordea, batez ere ikastolak lehenean erabiltzen dituen instalazioak berritzera bideratuko dute.

Atzokoa 24 orduko eguna izan zen, ez gehiago, ezta gutxiago ere. Baina, milaka eta milaka pertsonak egun zoragarria igaro dezaten hainbat eta hainbat lagunek urte osoan egin dute lan.

Kilometroak bezalako jaiak ez in dira aurrera atera bolutariorik gabe, edizioak errealitate bilaka daitezen urtero 1.500 eta 2.000 laguntzaileen beharra baitu. Batzuek soilik egun batez egiten dute lan, egunean bertan hain zuzen ere. Beste batzuk ordea, urte osoan zehar aritzen dira lanean, eta horiek lan taldeetan antolatuta egon ohi dira.

Segurtasuna, muntaiak, trafikoa, garbiketa, txosna, arropa saltzea, jasotzea... berdin dio zertan, baina euskara eta ikastolen alde lan egiteko prestutasuna duten milaka pertsona aritzen dira, bai Gipuzkoan eta baita Euskal Herrian ere. Horiei esker bizi dira egun bai ikastolak, baita neurri batean euskara bera ere.

Hurrena, Iruran

Eguerdi partean egindako omenaldian Aranzadi Ikastolako gurasoak omendu zituzten. Guraso oro izan da ekitaldiko protagonista: izan direnak, direnak eta izango direnak ere bai.

Kilometroak'07k agur esan dio jada Euskal Herriari, baina beste edizio bat etorriko da aurki eta Irura izango du agertoki.

Oihana LLORENTE

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo