Aizkora Nafarroako Txapelketa
Floren Nazabalek arazorik gabe bete ditu iragarpenak
Etxarriko aizkolariak lehen enborretik hartu zuen abantaila, azkenekora bitarte eutsi, eta besteen gainetik dagoela argi eta garbi utzi zuen
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Floren Nazabal zen atzo Nafarroako Lehen Mailako txapela irabazteko faborito nagusia. Etxarrikoak ez zuen hutsik egin bere zaleen aurrean, eta erraz lortu zuen aurrez iragarri zioten txapela, hasieratik bukaerara nagusi izan baitzen.
Jende asko batu zen Etxarri Aranatzko pilotalekuan final hau zuzenean ikusteko asmoarekin. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko moztu behar izan zituen. Egurrak ez ziren txarrak, baina bai eman beharrekoak.
Lehen enborretik argi egon zen txapelduna zein izango zen. Nazabalek iaz ezin izan zuen parte hartu, min hartuta baitzegoen, eta aurten ez zuen hutsik egin. Hasieratik plazaratu zen garaipenaren bila, eta lehenengo enborretik abiatu zen lan horrekin, ez baitzuen inongo ezustekorik nahi.
Hala ere, Lopezek estreineko bi enborretan nahiko ongi eutsi zion. Lehen kana-erdikoan segundo bakar bateko tartea zegoen, eta bigarrengoan, berriz, zazpikoa.
Hortxe bukatu zen, ordea, lehen postu horretarako egon zitekeen emozioa, izan ere, hirugarrengorako minutu erdira joan zen abantaila, eta garbi zegoen txapela nora joango zen, zerbait gertatu ezean.
Orduan, baina, bigarren posturako jarri zen estualdia, izan ere, Mindegia asko gerturatu baitzitzaion Lopezi, eta batek baino gehiagok uste izan zuen Ezkurrako aizkolari beteranoak lortuko zuela bigarren postua.
Lopezek bazekien txapela lortzea oso zaila izango zuela; bere lehenengo helburua bigarren postu horri eustea zen, eta horretan aritu zen. Lehia polita izan zuen Ezkurrakoarekin, baina Miel betetzen hasi zen, eta Lezaungoari begira hasi zenean, jendea ohartu zen, zaila izango zela Mindegia bigarren amaitzen ikustea, eta horixe izan zen. Atzetik, berriz, Barberena eta Senosian, laugarren eta bosgarren zebiltzan, eta zerbait gertatu ezean, beraien postuak horiek izango zirela ematen zuen, eta azkenik horrela izan zen.
Lasaitasuna
Bitartean, eta atzera begiratu ere egin gabe, Nazabalek bere lana egiten jarraitzen zuen, eta tartea nahikoa egina zuela zirudien arren, ez zuen ezusterik nahi; bere lanean jarraitzen zuen, eta amaieran, ia bi minutuko aldea kendu zion Juanjo Lopezi, baina azkeneko bi enborretan erritmoa jaitsi izan ez baldin balu, seguruenik ere, aldea handiagoa izango zen. Baina txapela segurtatuta zuen, eta datorren igandean beste final ere baduela buruan izango zuen, beraz, atzo dena eman beharrik ez zuen izan azkenik.
Atzetik, berriz, Lopez bigarren postuari eusteko ahaleginetan ari zen. Aldetxoa kendu zion, eta horri eusten ari zen. Mindegiak ere ez zuen izan ahalegin faltarik, baina Ezkurrakoa oraindik ez dago sasoiko, eta ezin izan zuen Lezaungoa harrapatu, beraz, Lopezek bigarren amaitu zuen, eta Mindegiak hirugarren.
Ondoren, Barberenak amaitu zituen lanak. Berueteko aizkolariak ere bere maila eman zuen atzoko txapelketan, eta laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Senosiainek, berriz, azkeneko postuan amaitu zuen. Larretxearen lekua betetzera joan zen, eta Nazabalengandik hamar minutu pasara geratu zen.
Datorren igandean erabakiko da Euskal Herriko Lehen Mailako txapelduna nor den, Donezteben jokatuko baita finala.
Floren Nazabal izango da txapela janzteko faborito nagusia han ere. Adituen ustez, Joxemari Olasagasti eta Unai Otaño izan daitezke Etxarrikoa estutu dezaketenak. Hiru hauetaz gain. Peñagarikano, Txapartegi eta Lopez ere txapelaren lehian arituko dira .