Zaldibia Hirugarren Mailakoa
Otaegik txapela janzteaz gain, Bigarren Mailarako txartela ere eskuratu du
J.L. | DONOSTIA
Joseba Otaegik irabazi zuen atzo Zaldibian Euskal Herriko Hirugarren Mailako txapela, eta horrekin batera baita datorren urtean Bigarren Mailan aritzeko txartela ere. Zizurkilgoarekin batera, Lasak ere lortu zuen mailaz igotzeko aukera.
Jende asko batu zen atzo Zaldibian final hau zuzenean jarraitzeko asmotan. Aizkolari bakoitzak hiru kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar izan zituen. Plazaratutako enborrak onak izan ziren.
Jexuxmari Lasa zen irabazteko faboritoa, baina Otaegik aurrea hartu zion. Kanporaketan aurretik izan zen, eta atzo ere gauza bera gertatu zen.
Txapela bi hauen artean egongo zela hasieratik ikusi zen, lehia ederra izan baitzuten. Hala ere, zizurkildarra izan zen nagusi ia saio osoan zehar, nahiz eta une batean Lasa ere aitzineratu zen. Azkenik, Legorretakoak adarren bat ere izan zuen, baina Otaegik lan bikaina egin zuen, eta txapela berak jantzi zuen. Lasak, berriz, minutu erdira amaitu zituen lanak.
Jendeak Atutxa II.a ere ikusi nahi zuen. 18 urteko aizkolari bizkaitar hau izan zen onena kanporaketan, baina atzo lan luzeagoa zuten, eta ezin izan zen laugarren postutik pasa. Hirugarrengotik atzera lehia handia izan zen, minutu erdian sartu baitziren.