GARA > Idatzia > Kultura

Museoaren Lagunek Guggenheim berria eraiki zuten atzo

Hamar urte bete ditu aurten nazioartean Bilboren ikur bihurtu den museotzarrak. Urtemuga hori ospatu nahian, Gugenheimek Maider Lopez artista gaztea gonbidatu zuen, eraikina arkitektonikoki itxuraldatu eta museo «berri» bat sor zezan. Mila lagunetik gora bildu zituen donostiarrak asmo horretan ilusioz parte hartu eta eguneko benetako protagonista izateko. «AdosAdos» egitasmoak herritarrak artelan bihurtu zituen atzo.

p055_f01_204x116.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Hamargarren urtebetetzea urrian ospatzen zuela eta, Guggenheim Bilbao museoak Maider Lopezi proposamena luzatu zion, Museoko Lagunekin egitasmo bat burutu eta urteurrena ospa zezan. Erronka berri horri erantzunez, donostiar artistak «AdosAdos» egitasmoa aurkeztu zuen, urriaren 7an, atzo, goizeko 10.30etik aurrera egin behar zena.

1975ean Donostian sortua, egun euskal artista interesgarrienetarikoa dugu Maider Lopez, gizakia-arkitektura bikotearen inguruan lan egin ohi duena. Ezaguna du 2005ean Itzurungo hondartzan, Zumaian, egindako obra -bertanbainulari guztiek toaila gorria daramate-, baita mendian, Intzan, sortutako auto ataskoaren airezko argazkiak ere. Guggenheimekin, ez du atzokoa lehen harremana, «Artea Ikasbide» egitasmoan parte hartutakoa baita. Gainera, urriaren 16an zabalduko den «Chacun á son goût» erakusketan, 12 artista garaikideren lanak bilduko dituena, obra bat jarriko du.

Bilboko museoaren «lagunentzat» espreski sortutako egitasmoa dugu «AdosAdos». 15.000tik gora lagun omen ditu Guggenheimek, eta artelana burutzeko mila baino behar ez zituztenez, asteak dira izena emateko epea itxia zutela.

Titanioa irudikatzen zuten xafla batzuen bitartez, museoa itxuraldatu eta arkitektura berriak sortzea zen atzokoan gakoa. Hiru atalek osatzen zuten artelana. Lehena eta ugariena, «Dortoka». Eskutuen bidez defentzarako erabiltzen zen taktika erabiliz, eta xaflei buru gainean eutsita, «galeria» berri bat sortu zuten parte hartzaileek, eta artistak airezko argazkiak ateratzeko probestu zuen; aireplano eta lurretik gidatutako helikoptero txiki baten bidez. Ondoren, «Paseoa» izan genuen. Pieza hau egiteko, xafla besapean zutela, biratxo bat egin zuten parte-hartzaileek, armiarma inguruan den pasabidean zehar, arkitekturaren mugak apurtu nahian. Hirugarrena eta azkena, «Horma berria». Eguneko obrarik zehatzena izan genuen honakoa, 90 bat lagunek burutu zuten, aginduak zorrotz bete, eta museoaren aparkatoki inguruan den horma bat luzatuz.

Espero baino hobeto

Hitzordua 10.30erako egina bazegoen ere, asko ziren ordurako beraien tokietan xafla eskuan zintzo ziren artezaleak. Antolakuntza bikainak, azalpen zehatzak ematen zituen guztia ondo atera zedin eta museoko zuzendaria bera ere ikusi genuen, argibideak ematen zihardutenen artean. Ume, gazte zein adindun, ilusioa zen nagusi parte hartzaileen artean eta bazen gurpil aulkian edo txakurra lagun bertaratu zenik ere. Maider Lopezek terrazatik agurtu eta eskerrak eman zizkien partaideei megafonoz, euskaraz zein gazteleraz.

Ordubata jota zen egitasmoa oso-osorik bukatu zenerako eta bertan parte hartutako ekipo tekniko guztia aparkalekuan bildu zen, pozik. Artistarekin hitz egin genuen bertan. Maiderrek pazientzia handiz erantzun zien prentsakoen galderei. Gustura ageri zen eta hamar bat jarri zion lan-taldeari zein parte hartzaileari. Hamar argazkilari inguruz osatutako lan-taldea erabili zuen museotik bertatik zein inguruetatik irudiak hartzeko, zehaztasun aldetik publikoarekin egiten duen erronkarik konplexuenean; eta museozaleen jarrerari esker, gauzak espero baino hobeto eta azkarrago joan zirela nabarmendu zuen. Laster izango dugu emaitza ikusgai, artista eta museoaren web orrian.

PARTAIDETZA

Mila lagunetik gora bildu zituen atzokoan Maider Lopez artista donostiarrak hiru ataleko AdosAdos egitasmoa garatu eta Guggenheim Bilbao Museoaren hamargarren urteurrena ospatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo