GARA > Idatzia > Irrati-telebista

Bertsoari arreta berezia Txolarre irratiaren itzuleran

Gipuzkoako bertsolari txapelketa tarteko dela, Txolarre irratiaren «Zortziko Aldrebesa» saioak tarte handiagoa hartuko du urritik aurrera. Aurtengo programazioa aurkeztearekin batera, hilaren 20an irratia ezagutzeko hitzordua jarri du Tolosaldeko hedabideak.

Amalur ARTOLA | DONOSTIA

«Tolosaldeko Ahotsa» goizetako magazineko kideek denboraldi berriari irailean ekin bazioten ere, Txolarre irratiaren programazio berria urritik aurrera dago entzungai, zenbait berrikuntzarekin. Besteren artean, «Zortziko Aldrebesa», bertsolaritza munduari eskainitako tartea, luzatu egin dute Gipuzkoako txapelketa hastearekin batera. Asteazkenetan, 12.00etan hasita, bertso onenak entzuteaz gainera, bertsolariei elkarrizketak egingo dizkiete eta, azaldu dutenez, entzuleek parte hartzeko aukera ere izango dute Tolosaldeko irratian.

Arratsaldeetako saio-zerrendarako, aldiz, arlo ezberdinak jorratuko dituzten emankizunak hautatu dituzte. Astelehenetan, euskal literatura eta mitologia mintzagai hartuta, Tas-Tas irratiaren «Ortzadarra» emango dute; astearteetarako utzi dute Matrallakoren «Gora Euzcadi Chistulari», egungo egoera bestelako begiradaz lantzen duen saioa; gazte informazioak hartuko ditu asteazkenak, GazteSarearen «Irauli Uhinak» emankizunarekin; ostegunetan Hala Bediren ekoizpenez bertsolaritza eta umorea uztartzen dituen «Bertxoko» emango dute; eta, ostiraletan, Txolarren astean barna izan direnen laburpena eskainiko da «Hamaika Entzuteko» tartean. Saio guztiak 20.00etatik aurrera eskainiko dira eta, horiek amaituta, denetariko musika izango da protagonista nagusi Tolosalde ko irratian, «Izarrak eta ilargia» (musika klasikoa), «Soinuen errepublika» (elektronikoa), «Bide okerretik» (talde zein disko berriak, elkarrizketak eta albisteak), «Berbenir» (jazza) eta «Sound System» (reggae eta musika beltza) saioen bidez. Azkenik, eta iaz bezala, larunbat goizak irratigintzan trebatu nahi duten gazteek hartuko dituzte, «Hitzak Hegan» atalaren bidez.

Ateak zabalik ditu Txolarrek

Bestalde, Txolarrek deialdi berezia egin dio eskualdeko eragile, gazte, heldu edota irratia ezagutu nahi duen orori, hilaren 20an, larunbata, 11.00etatik 14.00ak bitartean irratiak Anoetako Edurka pabilioian duen egoitzara joan daitezen. Azaldu dutenez, herritarrek egiten dute irratia eta, beraz, guztien iradokizun eta proposamenak beso zabalik hartuko dituztela jakinarazi dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo