GARA > Idatzia > Euskal Herria

Klima aldaketaren gaineko hitzaldia emanen dute bihar EHUren Leioako campusean

«Gaur egungo klima aldaketa globala eta IPCC txostena» izanen ditu aztergai bihar, EHUren Leioako campusean, Eugene Cordero AEBetako San Jose Unibertsitateko Meteorologia Departamentuko irakasleak.

GARA |

Meteorologiaren Munduko Erakundeak eta NBIP Nazio Batuen Ingurumen Programak elkarte berezi bat sortu zuten orain dela hemeretzi urte, klima aldaketari buruz zegoen informazio zientifikoa eta sozio-ekonomikoa ebaluatzeko asmoz.

IPCC edo Klima Aldaketari buruzko Adituen Gobernu arteko Taldea deitu zioten. Informazioa balioztatzeko arduraz gain, bertze betebehar batzuk ere baditu elkarteak; adibidez, klima aldaketa arintzeko zein aukera dauden aztertzea, eta Nazio Batuen Erakundean aholkuak ematea zientziari, teknikari, gizarteari zein ekonomiari dagokienez.

Hain zuzen ere, talde horren txostenaren emaitzen berri emanen du bihar Eugene Corderok Leioan, Zientzia eta Teknologia Fakultateko batzar aretoan, eguerdiko hamabietan hasita.

Ameriketako Estatu Batuetako irakasleak klima aldaketaren inguruko hainbat alor ikertu ditu: estratosferan eta troposfera garaian fenomeno hori hautematen egin du lan; aldakortasunaren zirkulazio estratosferikoak ozonoaren kontzentrazioan zein eragin dituen aztertu du, eta eguzki-erradiazioak eta negutegi efektuko gasen kontzentrazioak ere bai.

Era berean, estratosferaren eta troposferaren arteko interakzio mekanismoetan jarri du arreta. Alorreko aditu modura, nazioarteko ekimenetan parte hartu du. Meteorologiaren Munduko Erakundeko Chemistry-Climate Model Activity-n, adibidez.

Gomendioak elikagaiei buruz

Eugene Corderok, San Jose Unibertsitateko Meteorologia Departamentuan lanean diharduenak, gomendioak ere emanen dizkie hitzaldia aditzera joanen diren ikasle, irakasle, aditu eta interesatu guztiei. Ingurumena babesten laguntzen duten elikagaien inguruko aholkuak emanen ditu Corderok, klima aldaketa estratosferan eta troposfera garaian antzematen aritu denak.

Ekitaldiari amaiera emateko, kaleratzeko asmoa duen hurrengo liburuan bildutako zenbait ideia ere azalduko ditu.

IPCC

Fenomenoari buruzko informazioa balioztatzea da elkartearen egiteko bat. NBEn aholkuak ematea eta klima aldaketa arintzeko aukerak aztertzea ere bai.

Eugene Cordero

Hainbat alor ikertu ditu irakasle honek: adibidez, eguzki erradiazioak, negutegi efektuko gasen kontzentrazioak, eta estratosferaren eta troposferaren arteko interakzio mekanismoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo