Ekitaldi anitz urriaren 20an Angeluko gaztetxearen bosgarren urteurrena dela-eta
GARA |
Angeluko gaztetxeak bost urte betetzen ditu eta horren karietara besta handi bat antolatu dute urriaren 20rako. Besta gunea Angeluko «Amodiozko Ganbara» deitzen zaion lekuan izanen da, Urrezko Hareen hondartzaren ondoan. Musika taldeentzat karpa bat jarriko dute, eta gainerako ekitaldiak haren kanpoaldean egingo dituzte.
Urriaren 20an, 12.00etan irekitze ofiziala eginen dute, eta segidan, «Apairu Herrikoia» banatuko da, herriko dendariek eskainia. Bazkaria Tortuga Sound System taldeak animatuko du. 14.00etatik 17.00etara «Gaztetxallenge» ekitaldia izanen da, GAIA elkartearekin batera antolatzen diren jokoak, hain zuzen ere. Lasto-biltzea, sokatira eta gisa horretako herri jokoez gain, «paint-ball» edo «soropil hockey» joku berrietan aritzeko aukera ere izanen da. Herri kirolen erakustaldia ere antolatu dute, «Iparraldeko jokalaririk onenekin», jakinarazi zutenez.
Tarte horretan Kes Sece eta David Cairol musikarien emanaldia izanen da. 17.00etatik goiti dantza emanaldia eginen dute Begirunea konpainiak antolatuta, eta segidan Mutxikoak dantzatuko dira. 19.00etatik aitzinera berriz, gaueko kontzertuen txanda izanen da: Root'System, Willis Drummond, Celullex, La Caution eta Equal Brother Sound System taldeekin. Kontzertuek irauten duten bitartean euskal dantzak ikusi eta dantzatu ahal izanen dira «Angeluarrak» taldearekin, eta bideo emanaldiak eginen dituzte. Sorpresak ere iragarri dituzte egun horretarako.
Bost urteko ibilbidea
«Angeluko Gazteak» kultura eta kirol elkartea bezala sortu zuten hainbat gaztek, 2002an. Berek azaltzen duten moduan, «ohartuta Angelun den dinamismo faltaz eta iharduera aukera apurraz, nahi genuen elkargune goxo eta autokudeatu bat eraiki». Hori horrela izanik, kirol jarduerak, gaualdiak eta kontzertuak, eta hainbat kultur ekitaldi antolatzen dituzte, eta horrez gainera, «eztabaida eta informazio gune bat martxan jartzea» izan da haien helburua. Jakinarazten dutenez, «euskal kultura aitzina eraman nahi dugu, gainerako kulturei idekia izanez».
Bost urte horietan, herriko bestetako kontzertuak, kirol animazioak, «Xi fu mi kontezta» gaualdia, mintzaldiak eta ingurumena zaintzeko ekimenak antolatu dituzte. Bertze taldeekin batera ere ekitaldiak aitzinera eramaten aritu dira.