Monolitoaren 25. urteurrena ospatuko da ostiralean Amaiurren
1982ko urriaren 10ean Amaiurko monolito berria ofizialki inauguratu zen. Amaiurko Gaztelua Elkarteak gogor lan egin zuen Nafarroako Erresumako azken gudariak oroitarazten dituen monolitoa berriro eraiki zedin. Orain, euskaldun guztien ikurraren 25. urteurrena ospatu nahian, Amaiurko Udalbatzak ekitaldiz beteriko eguna antolatu du datorren ostiralerako. Ospakizunean, monolitoa berreraikitzearen alde lan egin zutenei omenaldia egingo diete.
Asier VELEZ DE MENDIZABAL |
Datorren ostirala, urriak 12, egun berezia eta hunkigarria izango da baztandarrentzat. Amaiurko monolitoak, Nafarroaren subiranotasunaren alde borrokatu zuten azken gudarien oroimenez ezarritako ikurrak, 25 urte beteko ditu. Denbora luzea joan da 1982ko udan hartan Baztandarren Biltzarraren orgen desfilean Amaiurko Gaztelu Elkarteak berreraiki nahi zuten monolitoaren kopia atera zutenetik, eta monolitoak bertan jarraitzen du. Gaztelua mendiaren tontorrean, azken gudari Nafarren oroimenari bizirik eusten dio monolitoak.
Amaiurko gazte horiek atez ate ibili ziren, monolitoa ezartzeko diru laguntzen eske. Kudeaketa askoren ostean, Nafarroako, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko diputazioen eta Baztango Udalaren sostengua lortu zuten. Diputazioetako lau presidenteek 1922an eraiki zen eta 1932an suntsitu zuten monolitoaren kopia eraikitzeko konpromisoa hartu zuten. Jatorrizkoaren planoak Vianako Printzea Erakundean gordeta zeuden, eta monolito berria eraikitzeko erabili ziren. Inaugurazio ofiziala 1982ko urriaren 10ean izan zen, eta ekimena aurrera ateratzen lagundu zuten erakunde guztien ordezkariak bildu ziren bertan. Hala, Amaiurko Gaztelu Elkarteak hainbeste gestioren eta esfortzuren ostean, behingoz monolitoa Gaztelu mendiaren tontorrean berriro eraikitzea lortu zuten.
Ekitaldiz beteriko eguna
Esan bezala, datorren ostiralean monolitoaren berreraikitzea ospatuko dute eta Amaiurko Udalbatzak eta Baztango Udalak ekitaldiz beteriko eguna antolatu dute. Ospakizuna 11:45ean hasiko da Amaiurren. Partaideak Herriko Plazan bilduko dira, eta bertatik, gaiteroekin eta txistulariekin batera, Gaztelu mendira joanen dira. Monolitora iritsi ostean, 12:00ak aldera, hainbat ikuskizun ikusgai izango dira. Txalapartariak egongo dira, aurreskua dantzatuko dute eta Gaztelu Taldeak abestuko du. Gainera, 1522an Amaiurko Gazteluan Nafarroako Erresumaren alde borrokatu zuten gudarien omenez loreak jarriko dituzte.
Horretaz gain, garai hartan monolitoa berreraikitzeko hainbeste lan egin zuten pertsonatako batzuek hitza hartuko dute. Amaiurko Udalbatzako alkate Migel Jose Ariztegik nabarmendu du ekitaldian, oro har, monolitoa eraikitzea bultzatu zuten pertsonei «omenaldia» egin nahi dietela, eta gogorarazi du 1982an Amaiurko Gaztelu Elkarteko kideek helburu hori lortzeko «lan handia» egin zutela. Gainera, ekitaldian duela 25 urte monolitoa berreskuratzeko lan egin zuten beste hainbat pertsonaia garrantzitsuek parte hartuko dute. «1982ko inaugurazioan Jimeno Jurio historialariak hitzaldia eman zuen, eta ekimenean gogotsu parte hartu zuen. Horregatik, jadanik zendu den arren, haren semeak hitza hartuko du. Carlos Garaikoetxea eta Pedro Migel Etxenike ere gobindatu ditugu ekitaldira, haiei hitza ematea garrantzitsua dela uste dugulako.
Dena dela, Juriok ziurrenik ezin izango du omenaldira etorri», adierazi du alkateak.
Omenaldia amaitu ondoren, partaideak berriro Amaiurrera jaitsiko dira, eta bertan 13:00-13:30ak aldera Baztango Mutildantzak izango dira.
Geroago, 14:00etan, herri bazkaria izango da, eta bertan zikiroa dastatuko dute.
1522an gaztelarrek Amaiurko gaztelua suntsitu zuten arren, Aranzadi Elkarteko arkeologoek azkenengo urteetan egindako lanaren ondorioz, egun gazteluko harresiaren zati bat argi eta garbi ikus daiteke.
Ostiralean Gaztelu mendiko monolitoan omenaldia egin ondoren, 14:00etan herri bazkaria izango da Amaiurko Plaza Nagusian. Bertan, partaideek zikiroa dastatzeko aukera izanen dute.