Istripu saihestezinak... kausei heldu arte
Atzo Eibarren 37 urteko langilea hil zen pinu bat mozten ziharduela, zuhaitza gainera erorita. Joan den ostegunean, berriz, Langraizen beste langile bat hilik agertu zen, Osalanen arabera. Ez du ematen berri horiek inor asaldatzen dutenik; hedabideetan behintzat ez dute tarte handirik beteko, ez enpresaburu-elkarteetan edota administazioen arduradunen artean, herri honetako arazorik dramatikoenetakoa izango ez balira bezala. Dramatikoa baita oso, aurtengo bederatzi hilabeteotan, gutxienez 95 langile beren lanpostuetan hil izana eta neurri berezien -zorrotz aplikatzen ez direnak- beharrik ez sumatzea.
Azken biak, aurreko guztiak bezala, istripua dela-eta izan dira; lan istripuak, eta izendapen horrekin badirudi saihestezinak direla. Hala izango da, bai, kausei heltzen ez zaien arte. Lan istripuen kausa nagusiak ezagunak dira: segurtsasun neurrien eta prestakuntzaren falta eta lan prekarietatea. Horiek azken hamarkadetan, baliabide gehiago izan arren, areagotu egin dira, baina arlo horrek ez du inbertsio handirik merezi, antza.
Hormando O.P. atzo hil zen arrisku-lanbidea ez omen den basogintzan, baina lanbide horretako hildakoen indizea eraikuntzakoaren parekoa da. Eraikuntza ere ez omen da arrisku lanbidea, baina egunik egunekoak erakusten duenez, langile izatea bera arriskugarria da.