«Kubark eskuliburua» edo zientzia tortura sofistikatuak garatzeko tresna bihurtzen denean
Zientziaren eta teknologiaren aroan bizi omen gara. Egunero aurkikuntza zientifikoen berri jasotzen dugu eta, oro har, teoria eta tresna berriak aurrerapauso gisa aurkezten dira. Halere, gure zibilizazioan zientzi garapena eta garapen etikoa ez doaz batera. Lurraldeak, natura edo pertsonak suntsitzeko gai diren baliabideekin batera ez dugu horiek zentzu onez erabiltzeko ezagutzarik garatu.
Ondorioz, aurrerakuntza zientifikoak -edo horiek oker erabiltzea- maiz atzerapauso gisa ulertu behar dira gizadiarentzat. Arma nuklearrak, kontrol sozialerako tresnak edo torturaren sofistikazioa fenomeno honen adibideak dira.
Tortura poliziakide zoroen ekimen isolatu aurkezten dute batzuek baina CIAren «Kubark eskuliburua»k argi uzten du II. Mundu Gerratik gobernuek tortura zorroztasun zientifikoz praktikatu dutela.
Aurrerapenak tortura sistemak «hobetzeko» erabiltzen dira, alegia. Gainera, nazien eta CIAren arteko elkarlanak erakusten du etsaia txikitzeko edozer egin daitekeela.
Hala, diputatu alemaniar batek «Kubark eskuliburua» ezagutzera emateko egin duen esfortzua ekimen etiko garrantzitsua da.