Izotz hockeya | Liga
Hormadik jaso du baimena, eta Superligan arituko da
Jadanik Ligako bi partida jokatu diren arren, Hormadik datorren asteburuan ekingo dio denboraldiari eta etxean Puigcerda hartuko du
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Azkenean baieztatu egin da: Hormadik Estatu espainoleko Superligan jokatuko du aurtengo denboraldia. Federazioak atzo bertan baieztatu zuen berria, eta lapurtarrak lehen aldiz arituko dira Espainiako Ligan. Lehen aldiz ere, Hego eta Ipar Euskal Herriko taldeak batera arituko dira gisa honetako Liga batetan.
Carlos Gordobilek, Espainiako Federaziokoko zuzendari teknikoak baieztatu zion atzo berria GARAri: «Joan den ostegunean esan nuen, ia-ia lotuta zegoela dena, xehetasun txiki bat besterik ez zela geratzen dena ofizial egin ahal izateko, eta gaur goizean dena konpondu da, eta Hormadi Superligan arituko dela baieztatzeko moduan gaude», esan zuen atzo.
Hormadi aurten arte Frantziako Ligako Elite Mailan artitu da, mailarik gorenean, alegia. Iaz, ordea, Lehen Mailara jaitsi zen. Denboraldia hasi aurretik, Estatu frantseseko klub profesional guztiek beren federazioei txostenak agertu behar izaten dizkie, beren diru kontuak eta gainerakoak nola dauden erakutsita, eta Frantziako Federazioak, Hormadik Lehen Mailan ezin zuela jokatu esan zion, ez eta Bigarengoan ere. Beraz, Hirugarren Mailara bidali zuen.
Eskaria
Hirugarren Mailan talde gutxi egoteaz gain, erabat amateurra da, eta lapurtarrek han ez zuten jokatzerik nahi, eta orduan egin zuten Espainiako Ligan jokatzeko eskaria. Espainiako Federaziokoak, eta baita bertako klubek ere begi onez ikusi zuten Hormadiren parte-hartzea, baina garbi zuten Frantzioakoaren baimenik gabe ez zela posible izango.
Bi federazioen arteko elkarlan hitzarmenak, eta Carlos Gordobil, Espainiako Federazioko zuzendari teknikoa, Hormadiko entrenatzaile ohia izateak, bidea erraztu egin du, eta azkenik, angeluarrek nahi zuten lekuan jokatu ahal izango dute.
Hori lortzeko, Estatu franteseko federazioak dokumentu bat sinarazi dio Hormadiri, eta beste baldintza batzuen artean, Frantziako Hirugarren Mailan talde bat izatera behartzen du.
Hormadik, ez du ezertan arazorik jarri, eta bigarren taldea arituko da Frantziako Ligan, eta lehenengoa, Espainiakoan.
Ligan jadanik bi partida jokatu dira, baina ez dago hor ere arazorik. Izan ere, Superligan zazpi talde zeuden, eta astebururo batek atseden hartu behar zuen. Jokatu gabe egotea egokitzen zitzaion talde horrekin jokatuko ditu partidak Hormadik.
Beraz, datorren asteburuan ekingo dio enboraldi berriari talde berde-gorriak, eta aurrez aurre Puigcerda izango du, Jacarekin batera, orain arte zegoen talderik indartsuena zen, eta Liga irabazteko faboritoetako bat. Liga hasteaz gain, Hormadiren maila nolakoa izango den ikusteko aukera ere izango. Atzeratutako bi partidak, berriz, Jacaren eta Val D'Aranen aurkakoak dira.
Aspaldian ez bezala, aurten Euskal Herriak hiru euskal talde izango ditu: Hormadi, Txuri Urdin eta Gasteiz. Lehen Casco Viejo Bilbokoa ere egona da maila horretan, baina Bilboko taldea aspaldi desagertu zen, eta oraingoz ez da ikusten itzultzeko modurik.
Laster izan daitekeen beste taldea Iruñeakoa da, izotz jauregi berria egin baitute, eta umeekin hasita daude lanean. Horiek beren fruituak ematen dituztenean, agian ikusi ahal izango da laugarren euskal talde bat ere lehian, tartean besteren bat agertzen ez baldin bada, behintzat.
Hormadik ez du izango aurten Elite Ligan zuen pareko taldea, baina bai oso kontuan hartu beharrekoa eta lehiakorra.
Iaztik, atzerritarrak joan dira, baina taldearen erdia hor dute, eta tartean izango dute Xabier Darami. Beteranoei, junior onenak gehituko zaizkie, eta adituen ustez, Jacarekin eta Puigcerdarekin batera Liga irabazteko talde faboritoa izango da.