Ezker abertzalearen «adierazte politikoa» behar da ELAren ustez
«Ezinbestekotzat» jotzen du ELAk ezker abertzalearen adierazte politikoa. Atzo Bilboko Justizia Jauregian izandako elkarretaratzean, elkartasuna adierazi zieten sindikatuko ordezkariek «joan zen astean Seguran egindako bilera dela-eta atxilotutako ezker abertzaleko kideei».
Kepa PETRALANDA | BILBO
«Oraingo eta etorkizunerako guztiz ezinbestekoa dugu ezker abertzalearen adierazte politikoa. Hain adierazgarria eta hain garrantzitsua den ezker aber-tzalea sektorearen adierazte politikoari uko egiten bazaio, normalizazioa eta eskubide demo- kratikoen aitortzari buruz hitz egitea ezinezkoa da. Gertatutakoak, gainera, Zuzenbide Estatuaren osasun politikoa aztertzeko balio badu, gure ustetan, oso kezkagarria da», nabarmendu zuen atzo ELA sindikatuko idazkari orokor Jose Elorrietak.
Sindikatuaren ordezkariak Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean bildu ziren atzo, «Abertzale eta langileak garelako, ez gaude ados» leloa zuen pankarta batekin. Elkarretaratzearen zergatiak azaltzerakoan, «joan zen astean Seguran egindako bile- ra egiteagatik atxilotutako ez-ker abertzaleko kideei elkartasuna adierazteko» zela esan zuen Elorrietak.
Horretaz gain, «Gobernuaren politikak egiten duen botere judizialaren erabilera» ere salatu zuen sindikatu horrek, «nahiz eta botere judiziala, berez, egoera kaskarrean egon». Jose Elorrietak esandakoaren arabera gainera, «biltzeko eta elkartzeko eskubidea, oinarrizko eskubidea da edozein Zuzenbide Estatutan». Elorrietaren ustetan, Estatuaren espainolaren ikuspuntutik abiatuta, «Terrorismoaren Kontrako Itunean datza zeharkako politikaren muga. Zapaterok berak hori adierazten du, bera da eta ez beste bat. Bera da botere judiziala erabiltzen duena, alderdi politiko batek bilera bat egitea ukatzen duena».
Ekintza politikoari ezetza
Bestalde, joan zen igandean publikatutako elkarrizketa batean, «testuingurua aldatu da; ekintza terrorista bat gertatzen den neurrian, ezker abertzalearen ekintza politikoak ez du lekurik. Aldiz, terrorismoa bukatzen denean, testuingurua aldatuko da», esan zuen PSOEko diputatu Ramon Jaureguik.
Horren aburuz, «ETAk su etenak eta Batasunak mahaiak erre dituzte. Elkarrizketan oinarri-tutako bukaera metodologia amortizatu egin da. Orain, indarkeriaren aurrean, errepresioa eta Zuzenbideko Estatuaren aplikazio hertsia eta zorrotza tokatzen da». Eta honakoa ohartarazi zuen: «Indarkeria mantentzen den bitartean, ezinezkoa da ekintza politikoa».