Blanca Izkue musikagintzako langilea
Urtero bezala, udazkenero disko uholdeak
Ez dira, ez, garai onenak musika talde hasiberriak aurrera eramateko. Hastapenetan, taldeek beren musikarekin dibertitzea dute helburu, bestelako pretentsiorik gabe. Baina gauza naturala eta zilegia da talderako hobekuntzak bilatzea, zuzenekoetan gero eta baldintza hobeagoak eskatzea. Baina diskoa grabatzeko nahia iristen denean, maiz frustrazioa ere sortzen da. Gaur egun disko bat ezin da alegeraki ekoitzi eta merkaturatu. Orain dela bospasei urte diskoetxe txikiek lanerako genituen baldintza eta aurrekontuak joandako garaietakoak dira. Ia nostalgiaz gogoratzen ditugu lehengo produkzio haiek: estudio profesionalak, batzuetan ekoizle artistikoaren laguntza eta guzti, argazkilari profesionalekin lan sesioak, arlo grafikorako diseinatzaileak, promoziorako afixak, diskoaren singlea izanen zena fabrikatu eta hedabideetara igorri... Aldaketa basati honek eraginda, gremio hauetako langileek ere pairatu dute diskoen salmentaren beherakada. Orain «etxeko uzta» nagusitu da: estudioak etxean bertan egin, lagunak grabazioaz eta argazkiaz arduratu, promoziorako gastuak ikaragarri gutxitu. Beharrak azkartasuna zorrozteko balio izan digu. Honela sortu da autoekoizpenaren aterabidea: halabeharrez. Edota Musikherria edo Bonberenea bezalako ekimenak, talde berriei aurrera egiteko laguntza ematen dieten plataformak.
Baina bada gure artean fenomeno harrigarri bat, garai on eta txarren gainetik dagoela ematen duena: urtero udazkenean bisita egiten digun Durangoko Azoka. Urtean zehar ekoizpen berrien lehortea gainditu nahirik edo, udazkenean berriro estresa gainera datorkigu (batzuek esaten dute presiopean hobeki egiten dutela lan), eta diskoak barra-barra ateratzen dira, mendian zizak bezala. Denok korrika, presaka eta bultzaka, irrati eta egunkarietan toki bat aurkitzeko borrokan, aurreko hilabeteetan hedabideek ekoizpen kulturalaren idorreria oraindik gainditu ez dutela. Denok udazkeneko lau hilabeteetan aurrera eraman nahi dugu urtean zehar egin ez duguna.
Esperientziak, alta, zera irakatsi digu: Durangoko Azokara gerturatzen den jendeari ez zaiola sobera axola diskoa berri- berria den, hala jada hilabete batzuk baldin badaramatzan kalean. Erakusmahaiaren beste aldean gaudenon beharra da, ez publikoarena, diskoak egin berriaren lurrina izatea. Ikasiko al dugu inoiz lanak pausatuki prestatzen?