Negua heldu bitartean, Wintercase jaialdi ibiltaria Bilbon
Neguaren erritmoa areagotu nahian, Madrilen, Valentzian, Bartzelonan eta Bilbon egiten den Wintercase jaialdiak bere burua aurkeztuko du larunbatean. Bilbon, Mishima Solo, Soulsavers eta Spiritualized taldeetako partaideek joko dute, formatu eta proposamen intimo eta berritzailean. Jaialdia bere osotasunean, berriz, azaroaren erdialdean burutuko da: hiru zuzeneko egingo dira eta nazioarteko talde gazte interesgarriek hartuko dute parte.
Anartz BILBAO | BILBO
Badira urte batzuk Wintercase jaialdi ibiltariak neguko doinuak Bilboratzen dituela. Jaialdia hiru kontzertu nagusik osatzen dute eta aurtengoan azaro erdialdean ospatuko da. Alta, asteburu honetan bertan aurkezpen jaia dugu, hiru talderen partaidetzarekin. Horien artean, talde gazte eta berritzaileak izan ohi dira. Aurten ez dira, agian, aurrekoetan bezain ezagunak, baina bai arras interesgarriak.
Aurkezpena Mishima Solo talde katalanak irekiko du. David Caraberen egitasmoak «Lipstick Traces» estreinako lana argitaratu zuen milurteko hasieran, ingelesez. 2005ean «Trucar a Casa. Recollir les Fotos. Pagar la Multa» hirugarren lana oso-osorik katalanez egin zuten. Egun, berriz, laugarren lana prestatzen dabiltza, Sinnamonekin ateratzear direna. Bilbon, David Carabek bakarka eskainiko digu bere pop malenkoniatsu eta zintzoa.
Ondoren, Soulsaversen txanda izango da, Mark Lanegan izar gonbidatuarekin. Richard Machinen taldeak «Tough Guys Don't Dance» estreinako lana argitaratu zuen 2003an, eta "It's Not How Far You Fall, It's The Way You Land" plazaratu du aurten. Bertan, Johnny Cash edo Tom Waitsengana hurbiltzen den blues bohemioa eta gonbidatu ugari aurki daitezke, Will Oldham edo Jimi Goodwin kasu. Bilbon Mark Lanegan kantari sakona izango da beraiekin. Aski ezaguna da Mark gure artean, besteak beste Screaming Trees talde interesgarriaren buru izan zelako edo duela urte gutxi Gasteizen ikusi genuelako, bakarlari gisa Azkena aretoan eta Queens of the Stone Age taldeko abeslari bezala Azkena jaialdian.
Bukatzeko, eguneko izarra; Spiritualized taldeko Jason Pierceren «Acoustic Mainlines» bira. Ikuskizuna gitarra akustiko soilez prestatu du Piercek, baina gospel abesbatza, hari laukotea eta pianoa ere lagun izango ditu. Spacemem 3ko partaide ohiak pop ameslari eta espirituala aurkeztuko du, zuzeneko intimo eta orkestralean.
Data: Etzi, larunbata 13.
Lekua: Santana 27 (Bilbo).
Ordua: 20.20ean, Mishima Solo. 21.00etan, Spiritualized Acoustic Mainlines. 22.45ean, Soulsavers
eta Mark Lanegan.
Sarrera: 24/26 euro.
Informazio gehiago: <www.wintercasesanmiguel.com>
Santana 27an ospatuko den Wintercase 07 jaialdiaren aurkezpena baino ez da etziko kontzertua. Izan ere, jaialdi ibiltaria azaroaren erdialdean osatuko da hiru kontzertu nagusirekin. Lehenak Editors eta How I Became The Bomb taldeak elkartuko ditu, azaroaren 15ean. Bi egun geroago, 17an, Super Furry Animals eta Ratatat izango dira oholtza gainean. Bukatzeko, azaroaren 21ean, Spoon eta Explosions in the Sky taldeen txanda izango da. Valentzian, Madrilen eta Bartzelonan antzeko datetan burutuko diren Wintercase jaialdiek partaidetza bera izango dute. Sarrerak salgai daude jada. Kontzertu bakoitzak 22-26 euro artean balio ditu eta, bonoak, 55. A. B.