GARA > Idatzia > Musika

DISKO BERRIA | ARITZ SOUND SYSTEM

Agur erritmiko eta goxoa

p058_f03_183x100.jpg

Gnawa Afrika iparraldeko leinua da. XVI. mendean Fez eta Aljerko jauntxoek Sudan mendebaldetik indarrez eraman zituzten iparraldera esklabo modura eta islamera bihurtu zituzten, nahiz eta gutxi batzuk aitzinako jainko afrikarren sineskera mantendu zuten -gaur egun, Maroko eta Aljeriako leku batzuetan mantentzen da-. Gnawa Diffusionek leinu horren omenez hartu zuen izena. Taldeko partaideak Grenoblen bizi dira. Sortzailea Amezigh Yacine da, Aljeriako Kateb Yacine idazle ezagunaren semea. Banda 1992. urtean sortu zenetik, gizarteko injustiziak salatzeko erabili dute musika. Herrialde kapitalista boteretsuenek munduan zehar martxan jarri duten kolonialismo berriaren aurka borrokatzen dira eta komunikabideetan ahulek jasaten duten bazterketa salatzen dute. Arabiarrez, frantsesez eta ingelesez abesten dute eta Estatu frantsesean arabiarrez abesten duten taldeek komunikabideen aldetik jasotzen duten bazterketa pairatu dute. Musikalki gnawa perkusio erritmoak dira taldearen oinarria eta hauei rai, reggae, ragga eta rap musikaren doinuak gehitzen dizkiete. Estudioko hiru disko eta 14 urteko ibilbidea eta gero, banda desegitea erabaki dute -hainbat taldekidek beste egitasmo batzuk jarriko dituzte martxan-. Jarraitzaileei esker ona erakutsi asmoz, taldearen ibilbideko kantu esanguratsuenak jasotzen dituen zuzeneko diskoa grabatu dute (DVDarekin batera). Zuzeneko erritmiko eta goxoa, gnawaren mamia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo