GARA > Idatzia > Jo puntua

Laura Mintegi Idazlea

Beste edozertaz

Gaiari hel geniezaioke eta esan nola sentitu garen heldu denean bizi nahi ez genuen egoera. Azal genezake zein izan den gure lehen erreakzioa, lehen hitza, lehen keinua, lehen begitanzioa

Herenegun gertatu zen baina ez dugu zergatik lotu zutabea egunerokotasunarekin. Saihets daiteke. Demagun gaurko gaia zela etorkinen egoera lazgarria agerian jartzea, etxebizitza topatzeko orduan, lan-baldintza drakoniarrak edo paperak eskuratzeko dituzten zailtasunak. Sala genezake nola eskolarizatzen diren seme-alabak eskola-ghettoetan, zein den osasun zerbitzuen jarrera haiekiko, zein latza izaten den familia ezin ekartzea. Ama askoren tragedia azpimarra genezake, nola bizi duten ikustea jaioterrian utzi zituzten haurrak gizontzen eta emakumetzen ari direla besoetatik urrun.

Herenegun irauli zuen askoren esperantza, baina ez dugu zertan hitz egin horren gainean, gertatu, beste hainbat gauza gertatu delako astean zehar eta, nola edo hala, ekidin daiteke gaia.

Demagun azaldu nahi dugula aste honetan emakume bat baino gehiagok jasan duela hurkoaren bortizkeria, genero-bortizkeria deitzen dutena, biolentziarik krudelena, maite beharko zaituenak gaizki tratatzen zaituelako eta, gainera, ezin duzulako berarekin asaskatu barnean duzun pena. Ume txikien antzera ikusten dute euren burua maltrataturiko emakumeek, amak zigortu eta gero amarengana jotzen dutenean kontsola ditzan, bera baita erreferente bakarra, bizitzaren ardatza, espazio osoa betetzen duen totema.

Honelaxe ikusten dute emakume hauek bikotekidea, ezinbesteko presentzia eguneroko panoraman. Hark zigortu eta emakumeak barkatu, ez duelako asmo txarrez egin. Hondo-hondoan maite du emakumea, baina ez daki nola adierazi kariñoa. Hitz politik ez dio esango, horrelakorik egiten ez daki eta. Baina ezagutu behar da nolakoa den. Errieta egiteko modu batzuk maitasunezkoak izaten dira, laztantzeko dakiten modu bakarra da. Gainera konprenitu behar da une txarra ari dela igarotzen, laneko kontuak, badakizu. Ez da gizon gaiztoa, esku arinekoa da, izatekotan. Edaten duenean gaiztotzen da gehien, baina mozkorraldia pasatutakoan beti etortzen da atzera barkamen eske, zeharo damututa. Ezagutu behar da eta jakin nola gobernatu. Sekretua da pazientzia ez galaraztea, gutxi du-eta.

Horretaz hitz egin genezake gaur, noski, arerioarekin ohea konpartitzearen dramaz. Arazoa da herenegun gertatu zela. Herenegun lehertu zen hainbesteren itxaropena, ekainaren 5etik gerta baitzitekeen edozein unetan, suari segida ematea erabaki zen unetik aurrera.

Gaiari hel geniezaioke, finean, eta esan nola sentitu garen heldu denean bizi nahi ez genuen egoera. Azal genezake zein izan den gure lehen erreakzioa, lehen hitza, lehen keinua, lehen begitanzioa. Eta identifikatzen ahalegindu. Hau da, gure erreakzio horrek non kokatzen gaituen antzeman.

Ez dago posizio gehiegirik kontu honetan, muturreko bi, edo hirugarren bat: a) gaitzetsi indar guztiekin eta kondenatu egileak, ala b) poztu, etsaiek ere jakin dezaten zer den oinazea. Edo tristetu, eta adierazi inoiz ez dela berandu hitzez elkar ulertzeko, hortixe baino ez delako helduko behin betiko konponbidea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo