GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskaraz mintzatzeko aukera berria Gasteizen

Gasteiztar askok ikasi izan du euskara azken hamarkada hauetan helduentzako euskaltegietan. Haatik, ikasleek ez ohi dute ikasitakoa praktikan jartzeko aukera handirik aurkitu. «Mintzalaguna» programak, euskaldunek eta euskara ikasleek elkarri laguntzeko aukera emango die.

p020_f02_097x084.jpg

Txotxe ANDUEZA |

Gasteizko euskaldunak eta euskara ikasten ari direnak, euskaraz aritzeko beste aukera bat izango dute «Mintzalaguna» programari esker. Geu Gasteiz elkarteak atzo aurkeztu zuen hiriko euskaltegi eta euskararen aldeko taldeek sustatu, eta erakunde publikoek diruz lagunduko duten programa berria.

Urriaren 15ean hasita eta azaroaren 15a arte izango da «Mintzalaguna» programan parte hartu nahi dutenek izena emateko aukera. Programa eraginkorra izan dadin, talde txikiak antolatuko dituzte (3/5 lagun bakoitzean), bi hiztun mota desberdinak nahastuz: euskaraz aritzeko ohitura dutenak batetik, eta mintzamena lantzeko beharra dutenak, bestetik. Talde horiek ekimenak aukeratzeko autonomia izango dute, baina konpromiso bat bete beharko dute, hots, astean behin gutxienez aukera bat baliatu beharko dute euskaraz hitz egiteko.

Horrela, hiru helburu bete nahi dituzte programaren antolatzaileek: «euskaldunen arteko hartu-eman sarea antolatzea; euskaldunak euskararen erabileraren garrantziaz jabetzea; eta euskaldundu ez diren herritarrei ikasketa-prozesua bizkortzen laguntzea».

Ikasketa-prozesua azkartzeko

Gasteizko biztanleen bi heren erdaldun dira, eta euskaldunen artean, berriz, ia bost biztanletik bat euskaldun berria da. Egoera horren ondorioz, euskaldunek zailtasunak izaten dituzte hizkuntza praktikan jartzeko. Mikel Aierbe Gasteizko «Mintzalaguna» programaren arduradunak azaldu zuenez, egoera horrek ondorio tamalgarriak ditu: «ikasketa prozesuen moteltasuna, bertoko euskaldunen hizkuntza kalitaterik eza edo ikasleek zailtasuna dutela eus- kaldun oso izatera heltzeko».

Azterketa horrek bultzatu ditu Gasteizko euskararen aldeko taldeak «euskara ikasten ari direnei edota hizkuntzaren erabilera ohiturak aldatu nahi dituztenei euskara praktikatzea eta beste herrikide euskaldunak ezagutzeko» aukerak sortuko dituen programa sortzera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo