GARA > Idatzia > Euskal Herria

Motibazioa eta hizkuntza nomalizazioa ardatz hartu ditu EMUN kooperatibak antolatutako jardunaldiak

GARA |

Orotara 220 lagunek parte hartu dute Emun Kooperatibak antolatu eta egin duen «Motibazioa eta hizkuntza normalizazioa» jardunaldian. Ekimena, Emun kooperatiba euskara planak egiten hasi zeneko hamargarren urteurreneko ospakizunen baitan kokatzen da. Antolatzaileen esanetan, arlo aplikatuan zein teorikoan oraindik ere hizkuntzaren in- guruko motibazioari buruzko ezagutzan hutsune handiak daude, eta horregatik hartu dute gaia jardunaldien ardatz gisa.

Hasiera Kanadako Cape Breton Unibertsitateko irakasle Pete Macintyk eman zion, bigarren hizkuntzan komunikatzeko gogoa hizpide hartuta. Bere teoriaren ekarpen garrantzitsuena ezagutzaren eta erabileraren artean dagoen aldea aztertzeko hiru ikuspegi nagusi hartzea da: psikologia, linguistika eta komunikazioa.

Ondoren,Valentziako Unibertsitateko Ferran Suyayk hartu zuen hitza, eta aipatu tako eredua hizkuntza gutxitu batera nola aplikatu behar den azaldu zuen. Bere aburuz, gutxitutako hiztun komunitateetan hizkuntz sumisioa izeneko prozesua gertatzen da. «Hizkuntza sumisioa sistematikoki hizkuntza menderatzailera aldatzeko joera da», azaldu zuen.

Joxepi Irastortza Emuneko teknikariak ere parte hartu zuen hizlari gisa, eta enpresetako euskara planetan diharduten langileekin motibazioaren inguruan egindako ikerketa baten berri eman zuen. Azaldu zuenez, euskara planak abian jartze hutsarekin aurrerapena ziurtatu egiten da, baina, behin puntu batera iristean, nekeza egiten da aurrerapausoak ikustea, horregatik, psikologikoki eragitea ezinbestekoa da.

Arratsaldean mintegiak

Hitzaldien ostean, mintegiak antolatu zituzten Emun kooperatibako kideek, taldeetan banatuta. Horietan, besteak beste, Euskal Herriko bi esperientziaren berri jasotzeko aukera izan zuten parte hartzaileek. Batetik, HABEko Alex Mungia eta Xabier Elortzak Buruntzaldeko gurasoen hizkuntz transmisioa indartzeko proiektua azaldu zuten. «Proiektua oinarritzat hartuta, emozioen ekologiak euskararen normalizazioan egin dezakeen ekarpena aztertu da», azaldu zuten antolatzaileek. Bestalde, Iñaki Eizmendi gizarte hezitzaileak erdaldunak euskarara erakartzeari buruzko gogoeta eragin zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo