GARA > Idatzia > Editoriala

Nafarroa nafarrek erabakitzen dutena izango da, baldin eta...

Nafarroako osasun sisteman gaur egun ezin da abortatu, ezta legeak ezartzen dituen baldintzen pean ere. Ilegaltasun honen ondorioz, urtero bostehunetik gora emakumek beste toki batzuetan abortatu behar izan du azken urteotan. Nafarroako Parlamentuan gehienak Foru Erkidegoaren osasun sisteman abortatzea normalizatzearen aldekoak dira. Atzo egindako bozketan parlamentariek alor honetan nafar Gobernuak ez duela legea betetzen salatu zuten. Paradoxikoki, agintean dauden bi alderdiak izan ziren legea ez betetzearen alde azaldu ziren bakarrak.

Lehenik eta behin, honetara ezkero ez dirudi eztabaidagai izan behar lukeenik nafar emakumeen abortatzeko eskubidea. Areago, legeak debekatuko balu ere, nafar emakumeek berdin-berdin izango lukete eskubide hori.

Zuzenbidezko estatuari buruzko gogoeta sendoak entzuten dira egunero. Legea bete behar omen da, beste ezeren gainetik. Estatu espainolean, ordea, legearekiko begirunea bidegabekeriak babesteko baino ez dute erabiltzen.

Ilegaltasun horren aurrean Madrilgo Gobernuak ez du neurririk hartuko. Nafarroari buruz aurretik hartutako erabakiek argi uzten dute hori. Lehenbizi nafar gizartearen zati garrantzitsu bat ordezkatzen duen alderdia hauteskundeetatik kanpo utzi zuenean. Ondoren, hauteskunde horietatik atera ziren emaitzak lortu eta gero gobernu aldaketa galarazi zutenean.

Estatu espainolaren barruan nafarrak ez dira beraiek erabakitzen duten hori legea alde dutenean ere. Berdin dio euskara den, abortatzea den, azpiegiturak diren... Gaur egun Gobernua ere ez da nafarrek erabaki dutena. Komunikabide gehienetan egunero entzuten dugunaren kontra, nafarrak beraiek nahi dutena izango dira baldin eta beren erabakia ez bada feminista, abertzale, ezkertiar edota euskaldun izatea. Gainontzeko gaietan bezala, abortatzean ere aldaketarik ez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo