GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA Pirritx eta Porrotx minbizia hizpide

Marimototsi mototsak erori eta pirata zapia jarriko du

Etxeko txikienak eta hain txiki ez direnak dagoeneko zain jarriak dira. Durangoko Azokarekin bat eginez, Pirritx eta Porrotx paizaloek beren disko berria aurkeztuko dute. Aurtengoan, aurrekoetan bezalaxe, irakasgai bikaina ematekotan dira; minbizia duten gaztetxoak hartu baitituzte ardatz. Gaixotasuna izan duten haurrek ere irakasgai itzela eman diete beraiei eta bertaratutakoei grabaketa estudioko saioan.

p018_f01_111x111.jpg

Maider EIZMENDI

Sukaldean sartuta dabiltza egunotan Pirritx eta Porrotx pailazoak, disko berria gozotasunez eta mimoz prestatzen. Baten batek pentsatuko zuen jada: «Aurtegoan zerekin ote datoz?» Bada, minbiziaren gaia hartuta, irri eta kantuen bidez irakasgai eder bat emateko asmoz.

Bihotza uzkurtuta, buruari bueltaka eta gazte haien irribarreek hunkituta. Pirritx eta Porrotxen disko berriaren grabaketan egoteko pribilegioa izan genuenok, nekez ahaztu ahalko ditugu Garate grabaketa estudioan ikusi eta sentitutakoak. Hogeitik gora gazte, dozenaka irribarre eta milaka amets elkartu baitziren eremu murritzean. Gogoz abestu zuten gaztetxoek, esateko dutena ozen eta han- hemenka zabaldu nahi baitute. Beraiek dira, ordea, segurki mezurik garrantzitsu eta itxaropentsuenak.

Gabon garaian, beste pertsonaia ezagun askok bezalaxe pailazo taldeak ospitalera egindako bisita baten ondorio da, diskoa eta ikuskizun berriaren muina. «Gela bateko ateak zabaldu eta bi izarrekin egin genuen topo, bihotza hunkitu zigun neska baten bi begi polit eta ederrekin. Gelatik irtetean Marimototsi zera esan nion: `Marimotots datorren urtean mototsak eroriko zaizkizu'», azaldu du Porrotxek.

Ane Perez Alberdi, pailazoen bisita begi biziz jaso zuen 17 urteko elgoibartarra, grabaketan izan zen. Gogoan du minbizia zuela esan zioten unea, eta lehen aldi hartan galduta zebilen sentsazio hura. Horregatik gustura dago pailazoek minbiziaren gaia ardatz hartu dutelako. «Esan zidatenean sinistu ere ezin nuen egin, nire bizitzan ahaztuko ez dudan esperientzia da». Asko du esateko eta kontatzeko, eta bere hitzek gogortuta uzten dute edonor: «Topera aprobetxatu beharra dago egun bakoitza». Besteei laguntzeak ere mesede egiten dio, eta horregatik gaixorik dauden gazteei adore ematen die. «Pozgarria da. Gaur hemen sendaturik dauden haur asko bildu dira eta horrek itxaropena ematen du. Noski, bidean geratu dira batzuk, baina ezin gara horrekin bakarrik geratu», dio sendo.

Euskadiko Haur Minbiziduren Guraso Elkarteko Gipuzkoako saileko (Aspanovas) kide eta sortzaileetako bat da Conchi Guereño. Esker hitzak baino ez ditu berak Pirritx eta Porrotx pailazoek minbiziaren gaia hartu dutelako ardatz. «Ez da erraza haur bati minbizia duela esatea, batez ere, minbizia maiz heriotzarekin lotzen delako; ez da erraza, halaber, ingurukoek ere uler dezaten. Ekimen hau tresna bat izango da guretzat», azaldu du, datorren urtean hamar urte egingo dituen elkarteko kideak.

Minbizia naturaltasunez

Diskoan, bere ahotsa jarriz parte hartuko du Nagore Garcia de Andoin Donostia Hospitaleko pediatra onkologoak. Une gogorrak bai, baina itxaropentsuagoak ere bizitzea egokitzen zaio egunerokoan. «Hemen dauden asko denbora askoan ikusi gabeak nituen, eta jada sendatuta daudelako pozgarria da, esaterako, zenbat hazi diren ikustea». Diskoan parte hartzeari dagokionean barrezka dio: «Orain esan dezaket Marimototsen sendagilea naizela».

Diskoan eta ikuskizunean minbiziaren gaia osotasunean, barru-barrutik jorratuko dute, eta horretarako, Porrotxek nabarmendu duenez, sendagile nahiz Aspanovas elkarteko adituen laguntza jaso dute. «Diskoak berak minbizi prozesuaren antza du, lehenik motel hasten da, pertsona batek minbizia duela jakiten duen unea bezala, baina aurrera egin ahala gora egiten du adoreak eta bizitasuna hartzen du», azaldu du Porrotxek.

Gai asko landuko dituzte: gaixotasuna bera, transplantea, ingurukoen premia, bizitzari eskerrak emateak duen garrantzia... «Gure helburua minbiziaren gaia naturaltasunez jorra dadin da». Askok galdetu diote, zergatik minbizia. «Helduek dutenean lagungarri izango delako, bai eta lagun bat edo gu geu gaixotzen bagara», adierazi du.

Buruan zapia duen pirata izango da estreinatuko duten ikuskizunaren protagonistetako bat. Ospitaleko gela izango du bere uharte, ohea itsasontzi eta ohearen azpian gordeko du bere altxorra, minbizia garaitzeko orduan hain ezinbesteko diren senide eta lagunen adore eta maitasun mezuak. Guztia zer-eta, «zapia buruan, eta ezpata eskuan», malkoak irri bihur daitezen lortzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo