GARA > Idatzia > Euskal Herria

Potrohandi, marimandona, olio... Euskaldunok badugu nola iraindu

Orain arte pentsatu izan da euskara hizkuntza garbia eta txukuna zela, eta biraoak erdaraz esaten direla soilik, baina Juan Jose Zubirik eta Patxi Salaberrik baieztapen hori erabat okerra dela frogatu dute. Euskaltzainek, Nafarroan erraten diren biraoak liburu batean sailkatu dituzte. Espero zutena baino gehiago topatu dituztela adierazi dute.

p022_f01_199x104.jpg

Asier VELEZ DE MENDIZABAL

Euskaraz ere biraoak esaten dira, eta batzuk oso gogorrak eta iraingarriak izaten dira. Hori frogatu du Juan Jose Zubiri eta Patxi Salaberri euskaltzain nafarrek idatzi duten liburuak. «Biraoak. Nafarroan bilduak» izeneko liburuan, oro har, Nafarroan esaten diren madarikazio guztiak bildu eta haien esanahia azaldu dute. «Euskarazko biraoak hagitz gutxi landu dira, eta hori izan zen ikerketa egitera bultzatu gintuena. Gure helburua, euskaraz biraorik ez dela esaten dioen mito hori baztertzea da», baieztatu zuen atzo Patxi Salaberrik. Horrez gain, Andres Iñigo euskaltzainak nabar- mendu nahi izan zuen liburuaren asmoa ez dela erregistro mota horiek «fosilizatzea eta liburuan gelditzea», baizik eta lagunen arteko hizkera hori karriketan gero eta gehiago erabiltzea.

Liburua lau zatitan banatu dute: Lehenengo atalean, Nafarroan erabiltzen diren biraoak alfabetikoki sailkatu dituzte, eta bigarrenean, berriz, adieraren arabera zerrendatu dituzte. Hirugarren atalean, birao indargarriak sailkatu dituzte, hau da, birao bati indarra ematen dioten madarikazioak. Adibidez, ez da gauza bera norbaiti deabru deitzea, edo deabru ergela izatea leporatzea. Azkenengo zatian, euskaltzainek euskal literaturan topatu dituzten birao eta madarikazioak zerrendatu dituzte.

Dena dela, ez pentsa Salaberri eta Zubiri Nafarroa euskaduneko herri guztietara joan direnik herritarrei biraoak euskaraz nola esaten diren galdetzera. Madarikazioen gaia labainkor samarra denez, euskaltzainek ber- tako berriemaileen informazioa jaso dute.

«Biraoez hitz egitea nahiko korapilatsua da, eta horregatik herrietan ezagutzen genituen pertsonei gaiaren inguruan informazioa biltzeko eskatu genien. Oso berriemaile fidagarriak izan dira», adierazi zuen Salaberrik.

Horretaz gain, euskaltzainek ziurtatu zuten madarikazioen gogortasuna testuinguruaren eta tonuaren arabera aldatzen dela, eta herriz herri ere birao bakoitzaren gogortasuna aldatu egiten dela.

«Herri batean norbaiti birao bat esatea oso iraingarria izan daiteke, eta beste herri batean, berriz, madarikazio berberak kutsu leunagoa izan dezake. Adibidez, Goizuetan neska bati `marikotxina' deitzea nahiko arina da, baina Iturenen berriz, oso irain gogorra da; `nazkagarri' biraoak, min handiagoa emango dio Iturengo bizilagunari, Goizuetakoari baino». Nafarroatik kanpo, hitzen esanahia asko aldatzen da; Goizuetan `gaixoa' hitzak ez du zentzu txarrik, baina Azpeitiko norbaitentzat aldiz, oso iraingarria izan liteke hori deitzea».

Sexuaren arabera

Erdaraz gertatzen den bezala, euskarazko irain batzuk emakumeei edo gizonei esaten zaizkie. Adibidez, emakume batek agintzea oso gustoko duenean, `marimaistra', `marisanjenta' edo `marimandona' deitzen zaio; oso astuna den neskari, `marimatraka' izena ematen zaio. Gizonezkoekin gauza bera gertatzen da; mutil bat oso alferra denean, `potroaundi' edo `potroiloaundi' deitzen zaio, eta pixa askotan egiten duenari berriz, `pixaluze'. Beste irain batzuk ere aldatu egiten dira iraindutakoa neska edo mutila bada. Adibidez, haurrak bezala portatzen denari, `pipilingorri' edo `pitilingorri' deitzen zaio, baina irain bera neskei zuzentzen zaienean, `toxagorri' esan ohi zaie.

Beste alde batetik, Salaberrik eta Zubirik nabarmendu dute euskarazko madarikazio askok «animaliei erreferentzia egiten dietela». Adibide anitz daude: norbaiti `astopoulio' deitzen zaio astakeriak egiten ibiltzen denean, baina iraina, batez ere indar fisikoari dagokionean erabiltzen da, aldiz, oso maltzurra denari `azeria' deitzen zaio. `Oilo' irainak, berriz, hainbat esanahi izan ditzake: harroa, koldarra, konfiantzarik ematen ez duena edo fundamentu gutxiko pertsona. Norbaiti `oilokaka' izatea leporatzen badiogu, ezertarako balio ez duela esaten ari gatzaizkio.

Erdaraz, ohikoa da madarikazioetan jainkoari edo santuei erreferentzia egitea. Euskaraz aldiz, ez da hori gertatzen. Jainkoa eta santuak lasai uzten ditugu, baina `deabrua' (haren maltzurtasuna nabarmendu nahian edo) askotan aipatzen dugu. Deabruarekin zerikusia duten irain guztiak oso iraingarriak eta gogorrak dira euskaraz, eta norbait oso maltzurra edo gaiztoa dela esateko erabiltzen dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo