GARA > Idatzia > Herri-kirolak

«Nazabal da faboritoa, baina uste dut, ni bera estutzeko moduan nagoela»

p046_f01_199x124.jpg

Joxemari OLASAGASTI

Aizkolaria

Joxemari Olasagasti prest dago datorren igandean Donezteben jokatuko den Euskal Herriko finalean Nazabali gauzak zail jartzeko. Igeldoko aizkolaria gustura dago bere gorputzaldiarekin, nahiz eta eskuko hatz batean kolpe dezentea hartuta dagoen. Berak garbi utzi du ongi dagoela, eta aurten ere, txapelaren borrokan ibiltzeko moduan ikusten duela bere burua.

Jon LEUNDA |

Olasagasti final handian izango da, eta faboritoa da Donezteben nagusitzeko.

Zer moduz zaude igandeko finalerako?

Ongi, gustura, entrenamendu dezente egin ditut, eta konforme nago. Eskuko hatz batean kolpe dezente bat badaukat, baina ez dut uste aitzakia izango denik igandeko finalerako.

Berriro ere faboritoen artean zaude.

Bai, eta saiatuko naiz hori erakusten. Ongi ikusten dut neure burua eta ahaleginduko naiz besteak estutzen. Begira, pasa den igandean Nafarroako finala jokatu zen, eta han ziren igandeko finalean arituko diren bi, eta lan haiek amaitzen denbora asko pasatu zuten, eta uste dut ni haiek estutzeko moduan egongo naizela.

Denek diote Nazabal dela faborito. Hala uste al duzue zuek ere?

Bai, eta normala da, bera gaztea da eta sasoi betean dago. Hala ere, lehen aipatu bezala, pasa den igandeko Nafarroako finalean denbora asko pasa zuen lan horiek amaitzen. Egia da baita ere, eroso aritu zela, baina Euskal Herrikoan gehiago estutu beharra izango duela uste dut.

Eta, Unai Otaño?

Bera ere oso ongi dabil. 30 urte dauzka eta sasoi betean orain dago. Gipuzkoako finala irabazi egin zidan, hain zuzen, eta Euskal Herrikoan ere lan ona egingo duela uste dut.

Besteak nola ikusten dituzu?

Lehia gogorra izango da. Peñagarikano aspaldian ez dut ikusi, baina oso ongi dagoela esaten dute. Lopez ere lan onak egiten ari da, eta Txapartegik ere berea egingo du. Postu guztiak borrokatuak izango direlakoan nago.

Hor Larretxearen hutsunea dago ezta?

Bai, zalantzarik gabe, eta pena ematen dit hemen ez egoteak, baina berak hala erabaki zuen. Atzetik gazteak badatoz, eta hori ez da txarra, baina nik uste dut oraindik beterano batzuk hemen egon daitezkeela. Larertxea bera, Arrospide edo Mindegiaz hemen izatea gauza ederra izango litzateke. Nik, behintzat, haien hutsunea asko botatzen dut faltan.

Aspaldiko urteetan finaletan 40 urtetik gorakoak izan zarete gehienak, baina aurten hortik beherakoak dira gehienak. Hori berri ona da ezta?

Bai, dudarik gabe, eta hori poztekoa da. 40 urtetik gorakoak Peñagarikano eta ni izango gara, eta horrek atzetik estutzen datozela esan nahi du, eta horrela behar du kirol honek aurrera egingo badu, eta hori ongi dago. Hala ere, lehen esan bezala, oraindik beterano batzuek ere hemen lekua badutela pentsatzen jarraitzen dut.

Finalari, betiko moduan, gogor ekingo diozue ezta?

Bai, ez izan zalantzarik. Gero enborrak nolakoak diren ere garrantzi handia izango du. Espero dezagun iazkoa ez errepikatzea, lehen kana-erdikoan lau minutu pasa genituen, eta final batean hori ezin da onartu. Enborrak onak eraman behar dira plazara, bai zaleentzat, eta bai geuretzat ere, hori baita onena ikuskizun ederra izateko. Nik uste dut Federazioak aizkolariari errespetua behar diola, eta baita geuk ere beraiei. Elkarrekin egin behar dela lan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo