GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Trontza

Euskal Herriko hiru final jokatuko dira Basaurin bihar eguerdian

J.L. | DONOSTIA

Euskal Herriko Txapelketako trontzalarien hiru finalak batera jokatuko dira bihar eguerdian Basaurin, 12.00etan hasita. Saioa, gainera, Euskal Telebistak zuzenean eskainiko du.

Bertan, mutilen Lehen eta Bigarren Mailetako txapelak, eta neskena erabakiko dira.

Orain arte, mutiletan Euskal Herriko Txapelketan parte hartzen zuten lau herrialdeetako Txapelketako bi onenak izaten ziren lehian. Aurten, berriz, nahi duten guztiak eman ahal izan dute izena, eta guztien artean kanporaketa egin zen, Lehen eta Bigarren Maila egin ahal izateko .

Lehen Mailan aritzeko, honako hauek eman zuten izena: Esnaola anaiak, Rezabal-Roteta, Barberena anaiak, Aizkorbe-Cano eta Bertiz-Urrutia.

Biko bakoitzak, 60 ontzakori hamar epai eman beharko dizkio etzanda, eta kana-erdikoari, berriz, bost etzanda, eta sei zutik.

Bigarren Mailan, berriz, honako kirolari hauek izango dira: Pujana-Arozena, Orbegozo-Orbegozo, Garmendia-Iraola, Irigoien-Telletxea eta Pikabea-Morrondo. Maila honetan, bikote bakoitzak 45 ontzako enborrari hamar epai eman beharko dizkio etzanda, eta bost zutik.

Nesketan, berriz, hauek izango dira Euskal Herriko txapelaren lehian arituko diren bikoteak: Apodaka-Moreno, Etxebarria-Etxebarria, Etxeberria-Astondoa, Ariztegi-Galarregi, Agerre-Txueka eta Nuñez-Lopez. Hemen biko bakoitzak, 45 ontzako enborrari hamar epai eman beharko dizkio etzanda.

Beraz, aurtengoak bi gehigarri izango ditu: alde batetik lehen aldiz jokatuko da Bigarren Maila, eta hori, trontza goraka doan seinalea da; berri oso pozgarria da, kirol ikusgarria baita hau, eta bestetik ETBren presentzia izango da, ez baita honelako final batean telebista zuzenean izatea ohikoa. Beraz, asteburu honetako bi final handiak, aizkora eta trontza finalak, telebistaz jarraitu ahal izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo