GARA > Idatzia > Kultura

Iruindar baten Habanako pasarteak bildu ditu Egigurenek «Chevrolet Tropikala» liburuan

«Chevrolet Tropikala» Rafa Egigurenen bigarren eleberria da. Aurrekoa, «Ilargia putzuan ageri», Txinan girotu zuen eta oraingo honetan Kubara egin du salto. Suspensezko trikimailuak ageri dira lanean, besteak beste.

p051_f02_97x92.jpg

Rebeka CALVO | DONOSTIA

Habanara sei hilabete igarotzera joaten den iruinxeme baten gorabeherak ditu hizpide Rafa Egigurenen (Hernani, 1948) bigarren eleberriak. «Chevrolet Tropikalak» suspensezko trikimailu ugari ditu, aurkezpenera egilearekin batera joandako Koldo Izagirre idazlearen hitzetan, gainera «ondo mailakatutakoak». Era berean, liburuak «euskara sentsuala» dela uzten du agerian Izagirreren ustez. Izan ere, Egigurenek Habanako biztanleek esandakoak jatorriko hizkuntzan utzi ditu, gazteleraz alegia, nahiz eta gainontzekoa euskara «gozoan» idatzita dagoen. Bestetik, hernaniarra idazle «unibertsala» dela aipatu zuen Izagirrrek, eta ondorioz «gu irakurle unibertsalak ere bagara; geure hizkuntza menostu, mugapetu, debekatu eta eder honetan, Kuba fikzio gai hartuta, euskal literatura egiten dugulako». Liburuak «traste mekaniko baten izenburua» badu ere, «izerdia eta haragia» ditu, sentimendu ugari, alegia. Protagonista nagusia, Migel Salaberria da. Pertsonaia Sanferminetatik ihesi joan da Habanara 1992an bertan sei hilabete emateko asmoz. Hilabete bakarrerako baimena besterik ez du, ordea. Protagonistak orduan, turista inozo izaera atzean uzten lagunduko dioten hainbat pasarte biziko ditu, Cheren heriotzaren 25. urteurrena denez Euskal Herria eta Kuba bitarteko artekari lanak egitea egokituko baitzaio.

Egigurenek lana aurkezteko berriz «ura oroimena izango litzateke eta sua berriz, irudimena», esan zuen, berez bateragarriak ez diren «eltze bateko ura eta sua»ri erreferentzia eginaz. «Oroimenak ezin du ahaztu, eta urteak aurrera joan ahala ganbararen itxura hartzen du. Oroitzapenak traste zaharrak balira bezala metatu egiten zaizkio, eta anabasa bihurtuko da jabe. Aldian behin leihoak zabaldu eta garbitasuna egitea komeni zaio maizterrari», azaldu zuen.

Fitxa

Izenburua: «Chevrolet Tropikala».

Egilea: Rafa Egiguren.

Argitaletxea: Susa.

Orrialde kopurua: 217.

Salneurria: 15 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo