Haurrei zuzendutako hiru liburu kaleratu ditu Elkarrek, bi ipuinak eta poema liburua bestea
R. C. | DONOSTIA
Elkar argitaletxeak Xaguxar bildumaren baitan haurrentzako hiru liburu kaleratu ditu: Joxantonio Ormazabalen «Ilunorduak eta argilaurdenak», Xabier Mendigurenen «Miss Txatarra» eta Katixa Agirreren «Paularen seigarren atzamarra». Lehena 12 urtetik gorako umeei dago zuzendua, eta gainontzeko biak 10 urtetik gorakoei.
Katixa Agirreren liburuak Paula izeneko haur baten gorabeherak biltzen ditu. Paulak seigarren atzamar bat du eskuetako batean, besteek pentsatzen dutena ezagutzeko aukera ematen dio atzamarrak, hain zuzen. Desberdina da hortaz Paula, baina harro dago.
Agirreren lana «Ni ez naiz normala» esaldiarekin hasten bada, Xabier Mendigurenen lana «Ni ez naiz señorita bat»ekin hasten da, «giro gordinago» batean murgilduko garen seinale. «Historia bat beti ideia edo irudi batetik sortzen da, eta nik neskatila bat ingurune maskulino batean kokatu nahi nuen», esan zuen Mendigurenek. Ingurune maskulino hori, txatartegi bat da, «zikinkeriaren» zantzua era baduena, eta neskatilaren aita gainera heavy-a da eta hau gutxi balitz, moteroa. Katixak ez du amarik, baina ipuinean zehar honen gaineko informazioa biltzen joango da.
Hiru liburuetatik azkena, «Ilunorduak eta argilaurdenak», poesia liburua da. Bi urtetako lana da Joxantonio Ormazabalek esan zuenaren arabera, eta bereziki umeei zuzendua badago ere, helduek ere gustuko izan dezakete. «Bizitzari eta neure buruari begiratu diot, hausnarketa moduko bat da», esan zuen egileak.
Ipuinetako marrazkiak Patxi Gallegok egin ditu eta poesia liburuetakoak berriz Elena Odriozolak. Egile guztiak oso kontentu azaldu ziren ilustrazioekin.