GARA > Idatzia > Euskal Herria

Herri jaiei bultzada emateko manifestazio-kalejira Donostian

«Debekuak, isunak... oztopo guztien gainetik, jaiak herritik herriarentzat!». Halaxe dio Donostiako hainbat auzotako jai batzordeak, Ikasbide Kultur Elkartea eta Piratak elkartu dituen lemak. Udalak sustatzen duen hiri «burges eta atzerakoian» herri jai euskaldunentzat «tokirik ez» dagoela-eta, manifestazio-kalejira bat eginen dute ostiralean Anoeta futbol zelaitik hasita, agintariei jarrera alda dezatela eta besta egiteko trabarik jar ez diezaietela galdegiteko.

p020_f01_150x120.jpg

Maider IANTZI |

Donostiako hainbat jai batzordek eta herri elkartek manifestazio-kalejira antolatu dute heldu den ostiralerako, urriaren 19rako, Udalak auzoetako bestei eta bertze ekimen batzuei paratzen dizkien oztopoak salatzeko asmoz. «Egoeraz nazkatuta gaude, honek konponbidea behar du. Herri jai euskaldunak nahi ditugu bai Amara Berrin, baita gainontzeko auzo eta herrietan ere», adierazi dute.

Ekimenaren bitartez, zera eskatuko diote Udalari eta KTE Kultur eta Turismo Ekintzetxeari: Ilunki kultur elkarteko Jai Batzordeak urriro egiten dituen Amara Berriko bestei baimenik ez ukatzeko, alde batetik; eta gainerako auzoetan zein Aste Nagusian eragile ezberdinek prestaturiko herri ospakizunei trabarik ez jartzeko, bertzetik. Aldarrikapen hori lau haizetara zabalduko dute arratsaldeko zazpietan Anoetako futbol zelaitik abiatuko den manifestazio-kalejiran.

Amara Berri, Alde Zaharra, Amara Zaharra, Loiola, Antiguo, Añorga, Gros, Egia, Altza, Intxaurrondo eta Bidebieta auzoez gain, Ikasbide Kultur Elkarteak eta Donostiako Piratek ere bat egin dute egitasmoarekin. Debeku, isun eta oztopo guztien gainetik herriak herriarentzat antolatutako jaiek aitzinera eginen dutela azalduko dute denek elkarrekin. Herritar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera, eta auzoetako batzordeetako kideei jaietan erabili ohi dituzten ikurrak, zapiak eta bertzelako bereizgarriak eramateko deia egin diete. «Guztion artean lortuko dugu herri jaiek aurrera egitea», ziurtatu dute.

Azken urte hauetan Donostiako Udala hainbat auzotako bestei eta bertze zenbait herri ekimeni trabak jartzen ari dela kritikatu dute jai batzordeetako eta herri elkarteetako ordezkariek. «Haien Donostia burges eta atzerakoian ez dago tokirik parte-hartzea bultzatzen duten jai euskaldunentzat. Su artifizialez, zezenketez eta gisa horretako ekimenez beteriko jai elitistak bakarrik nahi dituzte», ohartarazi dute.

Makina bat adibide

Azkenaldi honetan, Udaleko agintariek herriak herriarentzat prestatutako jaien aurka zenbateraino jotzen duten erakusten duten «hamaika adibide» izan direla ziurtatu dute antolaketa lanetan diharduten bizilagunek. Errate baterako, Ikasbide Kultur Elkarteak bestak prestatzen ditu sanjoanetan, eta baimenak murriztu dizkiote. Aste Nagusian, berriz, hainbesteko arrakasta izan zuen Abordatze Egunean, Donostiako Piratek herri bazkaria egin nahi izan zuten kaian, lagun pila batek eman zuten izena, baina azkenean ez zieten baimenik eman, eta Trinitate Plazan egin behar izan zuten otordua. Bertan ez zen izena emana zuten bestalari guztientzako tokirik, eta batzuek kanpoan gelditu behar izan zuten.

Irailaren 16ko asteburuan, Egiako Porrontxo bestetan ere arazoak sortu ziren; hika-mikak izan ziren Udaleko ordezkarien eta antolatzaileen artean ordutegiak eta txosnak zirela-eta.

atxikimenduak

Amara Berri, Alde Zaharra, Amara Zaharra, Loiola, Antiguo, Añorga, Gros, Egia, Altza, Intxaurrondo eta Bidebieta auzoetako jai batzordeak, Ikasbide Kultur Elkartea eta Piratak elkartu dira manifestazioa egiteko.

hitzordua

Ostiral arratsaldeko zazpietarako dago hitzordua paratua, Anoetan, eta donostiar guztiak daude gonbidatuta. Auzoetako jai batzordeetako lagunei zapiak, ikurrak eta bereizgarriak eramateko eskatu diete.

«Eraso guztietan larriena» Amara Berrin gertatu da

Amara Berri, Alde Zaharra, Amara Zaharra, Loiola, Antiguo, Añorga, Gros, Egia, Altza, Intxaurrondo eta Bidebieta auzoetako lagunak elkartu egin dira, baita Ikasbide eta Donostiako Piratak ere, Udalari herri jaiekiko jarrera aldarazten saiatzeko eta eraso gehiago gerta ez daitezen lortzeko. «Eraso guztietan larriena» Amara Berriko besten kontrakoa dela ohartarazi dute; izan ere, Ilunki kultur elkarteak urriro antolatzen ditu bestak eta Udalak debekatu egin ditu azken bost urteotan. Hala eta guztiz ere, auzotarrak ez dira ospakizunik gabe gelditu, eta urtero ahalegindu dira besta giroa sortzen eta parrandaz gozatzen, ahalegin horrek «milaka euroko isuna eta hainbat eta hainbat tentsio momentu» ekarri badie ere.

Joan den urrian Udaleko kideek arazoari konponbidea emateko «borondaterik ez» zutela ikusi zuten, ezta KTE Kultur eta Turismo Ekintzetxeko lagunek ere. Horregatik, eta «egoeraz kokoteraino» zeudelako, auzotarrek kanpaldia egin zuten Olaeta plazan, protesta gisa. «Udalak udaltzainak bidali zituen, eta egoerari irtenbidea eman beharrean, beste isun batekin mehatxatu gintuen», ekarri dute gogora. M. I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo