GARA > Idatzia > Pilota

Berezkoen Baigorriko Torneoa

Thierry Etxetok oraingoan ez du finalik jokatuko

Atzelari lapurtarra onena izan da azkeneko hilabete hauetan, baina Nafarroa Beherean, final-laurdenetan kanpoan geratu behar izan du

p044_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Thierry Etxeto izan da azkeneko hilabete hauetan pilotaririk onena; lehiaketa mordo bat irabazi ditu, baina Baigorrin ez da finalerdietan sartu.

Lapurtarrak Bielle zuen lagun, eta 40-27 galdu zuen Idiarten eta Ezkurra II.aren aurka, orain dela bi urteko Binakako txapeldunen aurka. Norgehiagoka polita izan zen lehen zatian, baina gero Idiart eta Ezkurra II.a bikain aritu ziren, eta aurkariei ez zieten inongo aukerarik eman.

Garaipen horrek alde oso ona ere izan zuen, Paxkal Ezkurra berriro ere garaipenen bidera itzuli baita. Urruñako atzelariak sekulako kolpea jaso zuen orain dela astebete Waltariren aurka zazpi kintze bakarrik eginda, eta ordukoa istripu bat izan zela erakutsi zuen Baigorrin.

Egia da Bakarkako txapeldunak ez duela orain dela urtebete zuen joko hura, baina berriro ere ari da bere mailara itzultzen. Egia da ere Idiartek partida oso ona egin zuela, eta Biellek Etxetori eman ziona baino laguntza handiagoa izan zela, baina Ezkurrak orain dela astebete Waltarieren aurka egindakoa baino dezentez gehiago egin dezakeela argi eta garbi geratu zen.

Finalerdietako txartela dute, beraz, Idiartek eta Ezkurrak, eta finala jokatu nahi baldin badute, Ibarrola eta Jean Claude Dermit menderatu beharko dituzte datorren igandean jokatuko duten norgehiagokan.

Muskarditz eta Lazkano

Finalaren atarikoa jokatzeko txartela lortu duen beste bikoa Muskarditz-Lazkano izan da, eta hori ere poztekoa da. Muskarditzen mailak asko egin zuen behera azkenaldian, baina Baigorrin oso joko ona egiteaz gain, itxura oso ona eman zuen.

Etxeberri eta Kurutxari aurkari gogorrak dira, baina irabazleek partida ona egin zuten. Azkeneko kintzeak erabakigarriak izaten dira halako lehiaketetan, eta hor Muskarditzen mailarik onena agertu zen. Azkenean, 40 eta 32 irabazi zuten.

Muskarditzek eta Lazkanok ere finala jokatzea dute helburutzat, baina horretarako Sorhuet eta Ozafrain menderatu beharko dituzte datorren igandean jokatuko duten beste finalerdian, eta hori ez dute oso erraz izango, bikote oso indartsua osatzen baitute Pausuako aurrelariak eta Bankako atzelariak.

Baigorriko finalerdiak jokatu aurretik, ordea, Pessacen amaitu behar da lehiaketa, eta ostegunean 20.15etik aurrera jokatu- ko duten norgehiagokaren ostean jakingo da txapela zeinek jantziko duten, finala orduan izango baita. Idiart-Maite arituko dira alde batetik, eta bestetik, berriz, Larretxea-Errekart.

Norgehiagoka estua iragartzen da, bi bikoak pare samarrean ibili baitira. Bietan, ordea, aurrelariek hartu beharko dute norgehiagokaren ardura, haiek berak baitira, ustez, biko bakoitzeko onenak. Idiartek egun gutxitan hirugarren partida izango du, eta agian horixe ere nabaritu dezake.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo