GARA > Idatzia > Mendia

alpinismoa Himalaian jarduerak

Zortzimilakoen zorroztasunari itsatsita

Urubko eta Samoilov kazakhstandarrek K2ren ipar isurialdeko japoniar bidea igo dute. Euskal espedizioei dagokienez, Cho Oyu eta Shisha Pangmaren gailurrak erdietsi dituzte.

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Berez, Himalaiako zortzimilakoetan egiten ari diren jarduerei begira jarrita gaude, Karakorumgoak aspaldi amaitu zirelako. Beno, esandakoa ez da guztiz zuzena, besteak beste, K2 mendian (8.611 m) goi mailako bi alpinista nahiko berandu ibili direlako. Bai, Denis Urubko eta Serguey Samoilov bikoteak zortzimilakoaren ipar isurialdean dagoen japoniar bidea urriaren 4an igo zutelako. «Errekor» modukoa egin dute kazakhstandarrek, inoiz ez baita K2ren tontorra hain berandu zapaldu.

Berez, nazioarte mailan hain famatua den sokada horrek bide berria zabaldu nahi zuen Chogoriren ipar isurialdean. 1982. urtean espedizio japoniar batek zabaldutako bidean egokitu ziren girora; hain zuzen ere, 8.200 metrora heldu ziren. Baina ekaitzek eta haize bortitzek (80 kilometro ordukoak) ondo baino hobeto astindu dute zortzimilakoa, eta bide berria zabaltzeko asmoa bertan behera utzi zuten.

Alabaina, baldintza ikaragarriak izan arren, japoniar bidea errepikatzea erabaki zuten. 11 urte pasatu eta gero -azken igoera marra horretatik 1996an izan zen-, bikoteak aipatutako bidea errepikatu du. Jakin badakigu oso alpinista sutsuak, burugogorrak eta indartsuak direla, baina gailurra zer kondiziotan lortu duten entzuteak oilo ipurdia jartzen dio bati baino gehiagori. Bai, oso ekaitz latzarekin igo zuten, eta beste errepikatzaileen modura, kazakhstandarrek ere ez zuten oxigenorik erabili.

Era horretara, Samoilovek bere bosgarren zortzimilakoa lortu du. Urubkori, berriz, bi falta zaizkio: Cho Oyu eta Makalu.

Bi euskal herritarrentzat

Euskal espedizioak, bestalde, Himalaiako montzoi osteko garaian jo eta ke ari dira. Batzuk itzuli dira; beste batzuek, berriz, han jarraitzen dute. Batzuek tontorra eskuratuta itzuli dira, beste batzuek ez dute hain zorte ona izan. Eta itzuli direnen artean ere badira izozteak jasan dituztenak. Beraz, esandakoaren arabera, denetarik izaten ari da.

Mementoz, dakigunez, bi zortzimilako dira Euskal Herriko talde ezberdinek aukeratu dituztenak: Cho Oyu (8.201 m) eta Shisha Pangma (8.013 m). Eta albiste-artikulua hasteko, biak ala biak zaku berean sartu zituen Xabier Alzolaren erronka aipatu behar dugu. Iaz GI eta GII mendiekin egin zuen legez, aurten ere bi zortzimilako sinatu nahi zituen. Saioa ez zaio guztiz ondo atera; izan ere, soilik Cho Oyu igo du, eta izozteekin itzuli da.

Irailaren 23an erdietsi zuen bere hirugarren zortzimilakoa eta, Gara-ri aitortu dionez, ez da batere samurra izan: «Han 07.00ak zirenean jo nuen gailurra. Oso eguraldi kaskarra egin zuen eta majo sufritu behar izan nuen. Hiru gau pasatu nituen 7.000 metrotik gora, eta aitortu behar dut hotz handia egin zuela. Han izan direnek Cho Oyu hozkailu bat (11.00ak arte ez du eguzkiak jotzen) dela esaten dute, eta nik hori baiezta dezaket».

Alzolarekin batera beste bi kidek lortu zuten euren helburua: Javi Txikonek eta Juan Carlos Gonzalezek. Poztasuna ez da erabateko izan; ezta gutxiagorik ere. Txikonek atzaparretan, eta Alzolak behatz batean, izozteak izan dituzte. Hirurek ala hirurek ez dute oxigenorik erabili. Eta horrekin lotuta datu adierazgarri bat: gailurra oxigenorik gabe egin duten alpinista ia gehienek izozteak izan dituzte. Botila entxufatuta izan dutenek, aldiz, ez. Etxera tontorrik lortu gabe itzuli direnak ere badira: Javier Garrido, Javier Huarte, Alberto Urtasun, Bittor Amozarrain, Willy Barbier eta Rakel Perez.

Bada, hatz batean izandako izozteek eragotzi diote Alzolari bere bigarren helburura joatea, Shisha Pangmara: «Igoeraren ondoren, oso sendo nengoen, kristoren gogoarekin, baina behatzak ez dit utzi aurrera jarraitzen». Zortzimilako horretan Igor Astondoa eta Alex Txikonekin elkartu behar zuen, hirukoaren erronka hego-mendebaldean dagoen britainiar bidea eskalatzea baitzen. Gasteiztarrak etxera itzuli behar izan du izozte horiek osatzeko, baina bere kideak Shishara heldu eta horietako batek, Txikonek, tontorra jo zuen hilaren 8an. Jaso dugun informazioaren arabera, Koke Lasak ere gailurra lortu zuen; gainera, bide beretik. Astondoa eta beste gasteiztar bat, Roberto Rojo Gorri, ez omen dira puntu garaienera iritsi.

Gauza bera gertatu zitzaien ohiko bidetik igo nahi zuten beste hiru euskal herritarri: Edurne Pasaban, Juanito Oiarzabal eta Asier Izagirreri. Bitartean, Santiago Sagaste aragoirraren eta Ricardo Valencia nafarraren omenez hainbat lagun zein senitartekok espedizioa antolatu dute. Gogora dezagun bi alpinista hauek orain hiru hilabete hil zirela Dhaulagirin. Omenaldiaz gainera, Sagaste eta Valenciaren hilotzak berreskuratzen saiatuko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo