«lazkoarekin alderatuta, gero eta progresio hobea izaten ari naiz»
mendi lasterkaria
Oihana Azkorbebeitia laugarren sailkatu da amaitu berri den mendi lasterketen Espainiako Kopan. Lau probetatik hirugarrena irabazi zuen euskal ordezkariak eta aurtengo ekitaldian izan duen erregulartasunari esker lortu du hain postu esanguratsua.
Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA
Vall d'Uixon (Castello) hilaren 7an jokatu zen Cursa de Fons de la Tardor lasterketak eman zion amaiera FEDMEk antolatutako mendi lasterketen Espainiako Kopari. Guztira lau proba jokatu dira eta, Euskal Selekzioaren interesentzat, azkenak emozioa jarri zuen; emakumezkoen mailan, bederen. Izan ere, Oihana Azkorbebeitia euskal ordezkaria behin behineko sailkapeneko buru azaldu zen irteera puntuan. Arrazoia, berriz, aurreko hiru lasterketetan erakutsitako erregulartasuna. Laugarren bukatu zuen lehenengo karreran (Cross de los Tres Refugios), hirugarren izan zen bigarrenean (Cross Subida al San Millan) eta garaipena lortu zuen hirugarrenean; hots, Taga 2040 lasterketan.
Castelloko proba erabakigarria zen, han argituko zelako sailkapen nagusia. Euskal lasterkariak ez zuen jardun ona egin eta azkenean laugarren bukatu zuen. Postu horren ondorioz, ezin izan zuen podiumean lekurik eskuratu eta aurtengo ekitaldiko laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Maribel Martinez izan zen irabazlea, eta haren atzetik Ana Isabel Estevez, iazko txapelduna, eta Susana Besalu geratu ziren. Mutiletan, euskal ordezkari onena, zazpigarren postuan, Iñaki Lopetegi izan da.
Iaz bezala, aurten ere euskal selekzioko ordezkari gisa laster egin duzu FEDMEk antolatutako Espainiako Kopan. Argi zenuen zirkuitu horretan jardun behar zinela?
Bai, iaz bezala, EMFko mendi lasterketen arduradunek Espainiako Kopan laster egin ahal izateko aukeratu ninduten. Iazkoa lehenengo aldia izan nuen zirkuitu ofizial horretan, eta ez dut uste gaizki egin nuenik; izan ere, sailkapen nagusiko bosgarren postua lortu nuen. Aurten ere, bai euskal selekzioko arduradunek, bai nik, argi genuen Espainiako Kopan jardungo nintzela; uste dut zirkuitu horrekin nahiko nuela.
Horrek esan nahi du, beraz, zirkuitu hori zuretzat egokia dela?
Beno, onartu behar dut aurten iaz baino hobeto jardun naizela. Zergatik esan dudan hori? Bada, besteak beste, iazko ekitaldia askoz ere gogorragoa izan zelako. FEDMEkoek bi maratoi sartu zituzten, eta ni ez naiz oso maratoizalea. Aurten, berriz, ez dute bat bera ere sartu. Horrez gainera, ez dira proba teknikoak izan, eta horietan ondo moldatzen naiz. Oro har, baiezta dezaket gustura jardun naizela.
Horrez gainera, izan naizen bi ekitaldietan alde handia nabaritu dut. Iaz, adibidez, Estevezek eta Besaluk denbora ateratzen zidaten; aurten, aldiz, haien antzera jardun naiz. Aurtengo irabazlea, Martinez, da aldea ateratzen didana. Uste dut, iazkoarekin alderatuta, progresio ederra izan dudala. Orain entrenamendu planifikatuak egiten ditut, eta hori oso nabarmena da. Beste era batera esanda, lehen ez neukan oinarri on bat. Bestalde, jakin badakit 20, 30 eta 40 kilometroko lasterketak zer diren, eta eskarmentu horrek asko laguntzen dit.
Oso zirkuitu erregularra egin duzu eta, hori gutxi izango balitz, hirugarren proba irabazi zenuen. Martinezek ez zuen parte hartu baina, hala ere, oso lasterketa ona egin zenuen.
Aitortu behar badizut, ez nuen garaipenik espero; ezta gutxiagorik ere. Niretzat ezusteko handia bezain ederra izan zen. Lasterketa amaitu eta helmuga puntutik lehenengoa pasatu nintzenean, ia ez nuen sinesten.
Garaipen horri esker, behin behineko sailkapeneko buru jarri zinen. Azken proba erabakigarrian oso hertsatuta jardun al zinen?
Inolako zalantzarik gabe, bai. Jakin banekien Martinezek parte hartuko zuela, eta oso zaila izango nuela. Eta hala gertatu zen. Martinezek korritu dituen beste probetan bezala, irabazi egin zuen. Gainera, iaz bezala, oso lasterketa txarra egin nuen. Lasterketa aurreko astean oso urduri ibili nintzen, buruari buelta piloa eman nion. Aukerak nituen postu on bat lortzeko, baina azkenean laugarren izan nintzen.
Laugarren azken proban, eta laugarren aurtengo sailkapen nagusian. Eta, gainera, garaipen batekin. Balorazioa ez da batere txarra?
Ñabardura batzuk kenduta, oso pozik nago FEDMEren zirkuituan egindakoarekin. Pena izan da podiumik ez lortzea. Iaz bosgarren izan nintzen, aurten laugarren... Hurrengoa, beraz, ohorezko posturen bat lortu beharko dut! Euskal Selekzioko arduradunek ondo ikusten badute, horixe izango da neure helburua. Oso gustura jardun naiz selekzioarekin.
Zurekin ez dute kexa handirik izango, bederen. Espainiako Txapelketan taldekako garaipena lortu zenuten, baina zu izan zara banakako probetan irabazi duen euskal lasterkari bakarra.
Bai, taldekakoa garrantzitsua izan zen eta, zorionez, nik lortutakoak pixka bat biribildu du aurtengo denboraldia. Lehen esan dudan bezala, ez genuen nire garaipena espero, eta ondo etorri zaigu. Euskal Selekzioko arduradunek baieztatu didate asko aurreratu dudala eta pozik daudela nik egindakoarekin.