GARA > Idatzia > Euskal Herria

Nazio estrategiaren oinarriak ardatz, 27an egingo den herritarren ekarpen foroan

Euskal Herriak egun bizi duen «bidegurutzea» gainditu eta nazio gisa aurrera egiteko Nazio Eztabaidak herritar ororen beharra du. Horiek horrela, herritarren ekarpena bideratzeko zita antolatu du Iruñean 27rako.

p018_f01_111x111.jpg

GARA |

Euskal Herria «bidegurutze garrantzitsuan» dagoela deritzote Nazio Eztabaidagunea osatzen duten norbanako eta eragileek. Hala, gure herriak bidarte hori gainditu eta nazio gisa aurrera egiteko, guztion emaria «ezinbestekoa» dela diote. Bide horretan gainera, «norbere interes eta estrategien gainetik euskal nazioaren beharrak gailendu» behar direla nabarmendu zuten.

Nazio Eztabaidaguneko kide Mikel Irastortzak eta Maite Aristegik azaldutakoaren arabera, oraingoa «Euskal Herriak behar duen aldaketa politikoaren mamiaren gaineko adostasuna lortzeko» unea da.

Are gehiago, aldaketa hori bideratzeko «beharrezkoak diren baldintza politiko eta sozialak» sortzeko sasoia ere badela adierazi zuten. Bi eginbehar hauen aurrean gainera, EH07 Nazio Eztabaidak «garrantzi handia» hartzen duela azaldu zuen Irastortzak.

Herritarrei begirako gunea

Nazio Eztabaidaguneko kideak, Andoainen egindako bilkuran, luze eta zabal aritu ziren atzo Euskal Herriaren egoeraz eta geroaz mintzatzen. Alta, komunikabideen aurrean aritzeko beta hartu eta Euskal Herriaren nazio estrategiaren alde dauden orori aurrera daramaten eztabaida prozesuan parte hartzeko gonbita egin zien.

Aurtengo Nazio Eztabaidak halaber, herritarren ekarpenak eta iritziak biltzeko euskal herritarrei zabalduriko eztabaida gunea izango du. Herritarron ekarpen foroa, hain zuzen ere. Datorren urriaren 27an izango da hitzordua, Iruñeako Golem zinemetan.

Ekarpen foro hau, Euskal Herriak «bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidearen aldeko ariketa» da Nazio Eztabaidaguneko kideen ustez, eta goizeko 9.30etik aurrera bertan parte hartzeko deia luzatu zuten.

Euskal Herriak «une zailak» bizi dituela aitortu arren, hainbat gako eta aukera agerian daudela deritzote atzo Andoinen bildutako pertsona zein eragileek guztiek.

Haien irudiko, gatazka politikoa gainditzeko elkarrizketa eta negoziazio prozesuak amaiera izan ondoren, gatazkaren hainbat agerbide gailentzen ari dira orain.

Era berean, Estatu espainiar eta frantsesak Euskal Herria «nazio gisa ukatzen jarraitzen» dutela azaldu zuten; «lurralde zatiketan eta desegituraketan sakonduz» nabarmendu zuten.

Aldaketa politikoa xede

Euskal Herrian, aldiz, aldaketa politikoaren beharra nagusitzen dela baieztatu, eta gehiengo sozialak, «nazio aitortzan, lurraldetasunean eta erabakitzeko eskubidean oinarritutako aldaketa politikoaren alde» dagoela nabarmendu zuten.

Euskal Herriaren aldeko aliantzaren eta estrategiaren beharra aldarrikatzen duten herritarrak ere milaka direla azaldu zuen Irastortzak.

Horiek horrela, datozen urteetan Euskal Herrian garatu beharreko nazio estrategiaren oinarriak jartzeari begira bere iritzia edota ekarpena plazaratzeko nahia duten guzti horiei zuzendu, eta Urriaren 27ko ekarpen fororako gonbita egin zien. Gainera, unearen garrantziaz jabeturik, euskal gizartea Euskal Herriaren alde lan egitera deitu zuen.

Euskal nazioa

Norbere interes eta estrategien gainetik, euskal nazioaren beharrak gailendu behar direla deritzote. Horiek horrela, EH´07 Nazio Eztabaidak behar horiek zehazteko «zita aproposa» dela nabarmendu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo