Batasunaren aurkako operazioa, «ideiak kriminalizatzeko» egin dela esan du Anai Arteak
GARA |
Anai Artea elkarteak gogor gaitzetsi du Batasuneko Mahai Nazionalaren aurkako polizia operazioa eta ezker abertzaleko ideiak kriminalizatzeko saiakeratzat jo dute Seguran jazotakoa.
Euskal Herrian, «hitz egiteko, mintzatzeko eta jendeak biltzeko duen eskubidea» urratuak dira Anai Artearen aburuz, eta edozein demokraziatan «oinarrizko libertateak direnak» errespetarazteko deia egin zion Estatu espainolari. Gainera, erakunde internazionalekin era honetako eskubideak jasotzen dituzten itun eta akordioak sinatu dituela oroitarazi zion.
Beste bake prozesu bat abiatu aurretik, ordea, «batzuen zein bertzeen giza-eskubide zibilak konpondu» behar direla deritzo Ipar Euskal Herriko elkarte honek. Hala, oinarrizko eskubide horiek errespetatuak direnean, Euskal Herriaren «aterabide bat» ikusiko dela nabarmendu zuen.
Anai Arteak zabaldutako oharrean negoziazio prozesuaz ere mintzo da. Bertan, gobernuburu espainol Jose Luis Rodriguez Zapaterori, prozesua lurperatu izana egotzi diote. Elkartearen ustez, Mariano Rajoi buru duen alderdiak «Espainiako batasuna zatitzeaz akusatu baino», nahiago izan du bake prozesua hautsi.
Zapaterok «keinu bakar bat ere» ez duela eman nabarmendu du, eta horren lekuko, preso gaixoekin izandako jarrera azaldu du.
Baina PSOE ez da prozesua hautsi izanaren arduradun bakarra, Anai Artearen aburuz. Europako alderdi popularra prozesuak aurrera egin ez izanaren erruduna ere badela deritzo elkarteak. Iazko urriaren 25ean, Estrasburgoko parlamentuan egindako bilkura gogoan izan du oharrean, eta bertan, Europako alderdi popularrak PPri amore eman eta bake prozesuaren aurka bozkatu zutela salatu du Anai Arteak.
Errespetua gakoa
Hala eta guztiz ere, Euskal Herriak aurrera egin duen ziurtasun osoa du Anai Artea elkarteak. Herri hau «errespetatzen dutenei irekia» egoten jarraituko duela adierazi eta «batzuen zein besteen eskubideak aitortzea eta errespetatzea» gatazka konpontzeko gakoa dela deritzote. Gainera, munduan barrena hori frogatzen duen hamaika etsenplu daudela adierazi dute eta adibide gisa Estatu frantziarra eta Alemania aipatu dituzte.