GARA > Idatzia > Futbola

Eta gure selekzioa zer?

Manex ALTUNA

Selekzioen arteko partidak heltzen direnean beti sortzen zait pentsamendu bera. Beste futbolzale askori ere ziur galdera bera etortzen zaiola burura. Zergatik itxaron behar dugu gabonak arte euskal selekzioaren partida ikusteko?

FIFAren kide ez izatea da arrazoi nagusia, baina ez bakarra, erakunde horretan sartuz gero, posible izango litzateke-eta. Eztabaida horren inguruan erabiltzen diren hainbat gezur alboratu beharra dago, ordea. Ez da egia independentzia lortu beharra dagoenik nazioartean jokatzeko. Faroe uharteen kasua adibide garbia da, Danimarkaren menpe daude-eta. Are gutxiago Liga propioa izan behar denik. Galdetu bestela zein txapelketatan parte hartzen duten Galesko taldeek. Cardiffek esaterako Ingalaterrako bigarren mailan jokatzen du.

Futbola kontrolatzen duen erakunde horretan sartzea ez da batere erraza. Estatu espainolak eta frantsesak, eta babesten dituzten interes ekonomiko eta mediatikoak ahalik eta traba gehienak jartzen saiatuko lirateke-eta. Hori da benetako gakoetako bat. Hala ere, eskakizuna egitea da lehen pausua nahiz eta ezezko erantzuna jaso. FIFAn zein Espainiako Federazioan, EAEko Federazioak behintzat. Baina hortik harago, borondatea izanez gero behintzat, hainbat aukera daude. Irudimena lantzea besterik ez dago. Ezingo dugu aurtengo udan jokatuko den Eurokopan egon, baina zergatik ez dugu antolatzen txapelketa propio bat non euskal selekzioak beren indarrak neurtzen dituen beste selekzio batzuen aurka? Errugbian sei nazioen txapelketarekin gertatzen den moduan, Gales, Irlanda, Eskozia edo Hegoameriketako herrialdeekin dauden harremanak baliatuta lor daiteke egitasmoa aurrera ateratzea. Abenduan San Mamesen izango da Katalunia eta delako txapelketako beste talde bat izan liteke.

Ametsa besterik ez da, baina gure selekzioaren maila «benetan» zein den ikusi nahi dugunok asko gara. Ez dakit gehiengoa izango garen, baina bai nahikoak nazio bat garen heinean dugun eskubidea bermatzea nahi dugunok. Ez gara partida batekin asetzen. Ematen diren pausoak estimatzen ditugu -udan Venezuelan jokatutakoa-, baina gehiago nahi dugu. Euskal jokalariek ere sarritan erakutsi dute beren herria defendatzeko gogoa. Zein izango litzateke gure maila? Eurokopara sailkatuko ginateke? eta Munduko Kopan noraino heldu gaitezke? Eskozia egiten ari den bezala, Frantzia eta Italia selekzio indartsuen sailkapena kolokan jartzeko gai izango alginateke?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo