Lasaitasuna
Denboraldi amaieran eskuratu behar den helburua
Azken porrotak txuri-urdinen desabantaila handitu du baina gipuzkoarrek argi daukate denbora eta kalitatea dutela lehen postuetara igotzeko
Min egin zuen Los Pajaritoseko porrotak. Azken minutuetan Numantziak gola sartu eta Reala gauzatzen ari zen ibilbidea puskatu... Eta igandean sailkapena begiratu eta talde txuri-urdina berriro ere erdialdean.
Halere, taula horretan agertzen diren zenbakiek argi uzten dute larunbateko emaitzak sortutako atsekabeak ez lukeela gehiegi iraun behar. Bost puntuko desabantaila besterik ez dauka Realak eta ehun baino gehiago izango dira jokoan oraindik. Astia badago, beraz. Azken finean, igoeraren helburua inork ez du gauzatuko -iaz hala gertatu ez bazen ere- denboraldia amaitu baino lehenago.
Argi daukate hori txuri-urdinek eta, horregatik, lasaitasunez ekin diote asteari. Gorka Elustondok atzo nabarmendu zuenez, eta Numantziaren aurkako porrota «etsipen bat» izan zela onartu arren, «ez zara igotzen zazpigarren, zortzigarren edo hamargarren jardunaldian. Orain, beraz, hori ahaztu behar dugu» eta hurrengo norgehiagokan pentsatu.
Horren haritik, Mikel Labakaren esanetan, «bederatzigarren jardunaldian ezin dugu partida erabakigariei buruz hitz egin. Egia da sailkapenaren goialdean zaudenean beste ikuspuntu bat daukazula eta hiru puntuak eskuratu behar ditugula Sportingen aurka. Baina helburua denboraldi amaieran goian egotea da», agertu zuen.
Defentsak larunbateko emaitzak min egin zuela onartu zuen, hala ere. «Irabazten ez duzun bakoitzean, konfiantza pixka bat galtzen duzu», esan zuen, baina taldeak erakutsitako irudiak eta azken jardunaldietako ibilbide orokorrak konfiantza hori berreskuratzen laguntzen du. «Emaitza alde batera utzita -esan zuen Labakak-, hainbat zatitan hobeak izan ginen eta sentsazio onak utzi genituen. Horrekin geratu behar gara, Reala edozein aurka jokatzeko prest dagoela demostratu genuela uste baitut».
Izan ere, eta «hobetzeko tartea» dagoen arren, taldea «une onean» dagoela uste du jokalariak. «Beharbada, goialdeko pelotoian sartzea faltatzen zaigu, dena errazago irtetzeko».
Helburu hori lortzeko aukera ona izan dezakete donostiarrek larunbatean, igoeraren helmuga markatzen duen taldea baitator Anoetara.
«Partida polita» izango da, Labakaren ustez, baina baita «zaila» ere. Dirudienez, Sporting joko ona egiten ari da eta, gainera, oraindik ez du partidarik galdu. Horregatik, asturiarrak «irabaztera irtengo direla» uste du jokalariak, «eta ez atzean geratzera».
Horixe espero du Gorka Elustondok ere, «orain arte Anoetara etorri diren aurkari guztiak atzealdean sartu dira eta geuk eraman behar izan dugu `iniziatiba'». Oraingoan ere hala gertatzen bada, «orain arte izan dugu filosofiari eutsi beharko diogu. Hau da, baloia eduki, pazientzia eduki, urduri jarri barik eta sortuko diren aukerak aprobetxatu», amaitu zuen.
A partir de hoy se celebra la tercera edición del programa «Amets Bat», con el que los escolares de 5º de Primaria tienen la oportunidad de pasar una jornada repleta de actividades en Zubieta. Los centros interesados en participar en esta actividad, de carácter gratuito, pueden inscrirse en el apartado «Amets bat» de la sección «Txiki Socios» en la web del club (realsociedad.com).
GARA