GARA > Idatzia > Kirolak

AURKEZPENA Nazioarteko proba

Kayak Surfeko Mundukoa Bizkaiko uretara iritsiko da

17 herritako 150 kirolari, 21 euskal herritar eta euskal selekzioa barne, Bakion eta Mundakan ostiralean hasiko den Munduko Txapelketan izango dira.

p043_f01_148x092.jpg

Beñat ZARRABEITIA | BILBO

Ostiraletik aurrera Bakio eta Mundakara joaten direnak Kayak Surf espezialitateko Munduko Txapelketaz gozatu ahal izango dute.

Delakoa zer-nolako modalitatea den ez dakitenentzat, Kayak Surfa olatu gainean piraguan aritzean datza. Horiek hala, kirol hori praktikatzen duten 15o kirolarik bat egingo dute urriaren 19tik aurrera Bizkaiko bi herrietan. Guztien helburua, hartu-eman kulturala izatea eta kirola bultzatzea izango da.

Txapelketaren aurkezpena Bilbon egin zuten atzo. Bertan, antolakuntzako Luis Abando, euskal selekzioaren hautatzaile Edu Etxeberria, Bakioko Alkate Txomin Renteria eta probaren babesle BBK-tik Alberto Rodrigez bildu ziren. Abandok argitu zuenez, txapelketa bitan banatzen da: norbanakoena eta selekzioen artekoa.

Norbanakoan, Gazteak, Emakumezkoak, Masterrak eta Gran Master kategoriak daude.

Selekzioei dagokienez, Bakion eta Mundakan hamar talde nazional arituko dira lehian. Hortaz, Euskal Herriko, Ingalaterrako, Galesko, Ipar Irlandako, Irlandako, Ameriketako Estatu Batuetako Ekialdeko, Ameriketako Estatu Batuetako Mendebaldeko, Chanel uharteetako eta Jersey uharteetako parte-hartzaileak izango dira. Horietaz gain, beste zazpi herritako ordezkariak ere izango dira.

Horrekin batera, Abandok argitutakoaren arabera, Kayak Surfean espezialitatean jarduten diren kirolari gehienak ez dira gazteak. Izan ere, modalitate hori praktikatzen duten gehienak «35 eta 55 urte bitartekoak dira, munduko onenak, hiru edo lau salbuespen kenduta adin horietakoak dira».

Bestalde, euskal hautatzaile Edu Etxeberriak zehaztu zuenez, 21 euskal parte-hartzaile izango dira txapelketan. Euskal selekzioko kideak zeintzuk izango ziren hautatzeko, Etxeberriak azaldu zuenaren arabera, bi proba hartu zituen aintzat: Euskadiko Txapelketa eta Euskadiko Kopa. Bere esanetan, bost Mundukoetan parte hartu ondoren, «talde oso bat izango dugun lehen Mundukoa izango da». Izan ere, aurtengoa euskal selekzioak junior eta emakumezkoetan parte-hartzaileak plazaratuko dituen lehen txapelketa izango da.

Euskal selekzioaren kategoria guztiak osatzen duten kirolariak honako hauek izango dira: Oskar Martinez, Ibon Agirrezabala, Txabi Caballero, Luis Abando, Mikel Arce, Edu Etxeberria, Kristina Ferrer, Jus Erguin, Libe Lafuente, Xabi Olano, Ander Arrizabalaga, Txema Carreto, Garazi Iturralde eta Ainhoa Rementeria.

Azkenik, Bakioko alkate Txomin Renteriaren hitzetan, «herri agintari batentzat, hain garrantzitsua den proba baten aurkezpenean egotea izugarria da». Beraz, Renteriaren ustez, «zorte handia eta harrotasuna pizten du Munduko Txapelketa Mundakan eta Bakion, nire kasuan, egiteak».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo