GARA > Idatzia > Editoriala

Zeinuen hizkuntzatik harago

Atzo Madrilen Juan Jose Ibarretxek eta Jose Luis Rodriguez Zapaterok egin zuten bilerak iritzi asko, irudi batzuk eta oso eduki gutxi utzi zituen. Azkenaldian atzokoaren gisako bilerez hausnartzeko komunikabideek semiotikan adituak eramaten dituzte, agian iruzkingile politikoek intereseko ezer gutxi esan dezaketela uste dutelako. Baten batzuek protokoloaren aitzakiarekin benetako eztabaida politikoa estali nahi dute.

Zeinuen analisitik harago atzoko bileraren hainbat irakurketa egin daiteke. Atzo Ibarretxe adeitsu azaldu zen, beste behin ere, eta Zapaterori eskua luzatu zion akordioa lortzeko. Bazekien erantzuna zein izango zen, baina jarrera horrekin bere posizioa finkatu zuen. Zapatero, bere aldetik, gogor aritu zen eta ezezko biribil batekin erantzun zion Ibarretxeri. Are gehiago, Euskal Herritik etor daitekeen baina PSEren babesik ez duen edozein proposamen aldez aurretik baztertuko duela argi utzi zuen.

Ondorioz, berdin dio gure gizartearen gehiengoak zer esaten duen. Ez hori bakarrik. Berdin dio EAJren militantziaren gehiengoak abenduan zer erabakiko duen. Adibidez, EAJk Imazek ez jarraitzea erabaki du, baina Zapaterok Imazek ezarritako ildoa akordiorako baldintza bihurtu du. Akordioa egotekotan «transbertsala» izango da eta PSOEk ezartzen dituen baldintzen araberakoa izango da.

Halaxe daude kontuak eta, hemendik eta martxoko hauteskundeak arte bai Zapateroren eta bai Ibarretxeren aldetik datozen zeinuen eta mezuen errepikatze hutsak entzutera kondenatuak gaude. Ibarretxeren asmoak zein diren asmatzea zaila da, baina Zapaterok asmo horiei muga zehatza jarri die: Konstituzioa eta Estatutua.

Beste irakurketa bat ere egin daiteke. Agintarien ustez, Estatu espainolean gogorkeriak eta ukazioak botoak ematen dituzte eta Euskal Herrian, ordea, herritarren borondateak eta akordioak ematen dituzte botoak. Bi nazio garela erakusten duen beste zeinu bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo