ANVren aurka egitea «xake fitxa»tzat jo du Bermejok
Bigarrenez, EAE-ANV legez kanpo jartzeko PPren eskaerari ezetza eman zion atzo Kongresuak. Mariano Fernandez Bermejo Justizia ministroak, aldiz, hori «xake fitxa» bezala erabili nahi du.
GARA |
EAE-ANV legez kanpo jartzeko eskaera bigarren aldiz Kongresura eraman zuen atzo PPk bozketa eragiteko asmoz, eta bigarrenez ere bakar-bakarrik gelditu zen ahalegin horretan. Baina eztabaidan argi geratu zen bide hori ez dagoela guztiz baztertuta. PSOEko ordezkariak esan zuenez, Poliziak alderdi abertzalearen jarduera gertutik jarraitzen du, eta bere kontra egiteko aukera ikusten badu, «egin, egingo dugu, ez egun bat lehenago, ez eta egun bat beranduago ere», zehaztu zuen Pedro Muñozek.
Goizean, irizpide hori berretsi zuen Justizia ministro den Mariano Fernandez Bermejok. Duela egun batzuk, zeresan handia eman duen esaldia bota zuen honek: «Jokal- diak berak eskatzen duenean egingo dugu», adierazi zuen. Atzo hedabideek gaizki ulertu zutela aipatu zuen, baina zentzu bera duen esamoldea erabili zuen gero: «EHAK eta ANV legez kanpo jarriko ditugu horretarako frogak daudenean. Hau xake partida bat bezalakoa da: fitxak, dauden unean mugitzen dira».
Madrilen egindako hitzaldi batean esan zuen hori Fernandez Bermejok. Ekitaldian Alderdien Legearen defentsa egin zuen ministroak, onartu zenean bera aurka agertu zela aitortu arren. «Herri-salataria nintzen garaietan zenbat legeren aurka egon nintzen esango banu... -aipatu zuen-. Azken finean, erantzukizuna kontua da: legea legea da, eta ezarri behar da, interpretatzeko ahalik eta irudimen handiena erabiliz, baina ezarri egiten da. Bistan da Alderdien Legeak helburua bete duela, erabaki ona izan zela, eta orain interpretatu behar den legea da, beste guztiak bezalaxe», argudiatu zuen.
PP, berriz ere bakarrik
Gauzak honela, bistan da Gobernu espainolak ez duela une honetan EAE-ANVri eraso egiteko asmorik, epe motzean behintzat. Eta ondorioz, PPk bide hori irekitzeko atzo egindako bigarren ahaleginak ere porrot egin zuen.
Duela hilabete batzuk Kongresuan eragin zuen eztabaida errepikatu egin zen atzo arratsaldean, eta emaitza berbera izan zen: Eduardo Zaplana bozeramaile izan zuen taldeak baino ez zion eskaerari baietza eman.
PPren esanetan, EAE-ANVren aurka egiteko arrazoiak pilatzen dira. Gainerako diputatuen harridurarako, Abiadura Handiko Trenaren aurka egotea edo espainiar bandera ez jartzea aipatu zituzten. Zaplanak hauxe gogoratu zion PSOEri: bere garaian Batasuna legez kanpo jartzeko eskaerarekin bat egin zuela, eta galdetu zion ea orain zergatik ez duen gauza bera egiten.
PSOEren ordezkariak froga nahikorik ez dela erantzun zuen, baina «lanean jarraitzen» dutela zin egin zion PPri Pedro Muñoz diputatuak.
EAJko Aitor Estebanek argudiatu zuen EAE-ANVk «ezker abertzalea ordezkatzen duela» bistan dela, «baina ezker abertzalean tonu ezberdinak» daudela. Legez kanpo jartzearen aurka daudela esan zuen, baina honelakoak gehitu zituen bere hitzaldian: «ANVren sigla historiko horiek hainbat tokitan zein eskutan erori direla ikusteak pena ematen du».
PPren aurkako hitz gogorrenak EAko Begoña Lasagabasterrek egin zituen. Alderdien Legeak, ikuspuntu demokratikotik onartezina izateaz gain, «ez du ezer konpondu, ezertxo ere ez, eta akats politiko larria izan da», adierazi zuen.