GARA > Idatzia > Gaurkoa

Joseba Felix Tobar-Aebulu Ingeniaria

Finantza-kapitalismoa eta burbuila-ekonomia

Finantza-kapitalismoak sortutako burbuila-ekonomiaren zenbait ezaugarri agertu ondoren, haren alternatiba gisa lan-indarraren eta kapital industrialaren arteko nolabaiteko itun estrategikoaren gaineko hausnarketa proposatzen du Joseba Tobar-Arbuluk, kapital industriala ere finantza-kapitalismoaren menpe dago-eta.

Finantza-kapitalismo berriak gaur egungo zor, kreditu eta aurrezkien rol gaiztoa ekarri du. Zergak erabiltzen dira zor publikoa zerbitzatzeko, ez lan publikoetan aritzeko eta lan-indarrak enplegatzeko. Sektore ez-finantzarioan zor-deflazioak ondasun eta zerbitzu-prezioak merkatzen ditu, baita alokairu-tasak ere. Finantza-inbertsioetan lorturiko interesek eta dibidenduek osatzen dituzte aurrezkiak, eta beroriek birziklatuak dira zor-zerbitzuan eta espekulazio finantzarioetan, ez inbertsio zuzen berrietan eta enpleguan. Hona bi ondorio nagusi:

(a) Merkataritza-bankuen garapen ez-funtzionala. Kapitalismo industrialean bankuek rol garrantzitsu bat jokatu zuten industriari epe-luzeko funtsak hornituz, mailegari zuzen gisa eta akziodun modura. Gaur egungo bankuek ez dute rol industrial zuzen askorik jokatzen, ezta bitartekari gisa ere, eta burtsa-merkatua ez da inbertsio-funts zuzen berrien iturri nagusirik.

Marxek iragarri zuen kapitalismoak garapen gabeko herrialdeak industrializatuko zituela, baina ez zuen aurreikusi kapitalismo industriala finantza-kapitalismoaren menpe egongo zenik. Industriaren kapitain zaharrak ordezkatu dituzte FIRE (Finance, Insurance and Real Estate) sektoreko finantza-enperadoreek eta higiezin errealeko erregeek. Kapitalismo industriala nazio (handi)etan aritzen zen eta Estatuak bultzatu zuen, eta gaurko finantza-kapitalismo globalak gobernuak suntsitzen ditu.

(b) Ordainketa balantza eta kanpo-truke tasak. XIX. mendean nazioarteko ordainketak eta moneta-balioak merkataritzaren inportazioak eta esportazioak zuzentzen zituzten, hala praktikan nola teorian. Egungo nazioarteko ordainketak eta moneta balioak kapital mugimenduek, bereziki epe laburreko akzio eta bono-funtsak, hondoratzen dituzte.

O ndorioz, burbuila-ekonomia daukagu nonahi. Hona hemen horren ezaugarri batzuk (ikus Michael Hudson, 1998, www.othercanon.org):

(1) Prezio/irabazi ratioak hazten dira irabazi handiagoetan inolako hazkunde prospektibo korrespondenterik gabe. Burtsa-merkatuko eta higiezin errealeko prezioak igotzen dira, baina ez aktibo horiek beren balioa handituko dituzten errenta berriak sorraraziko dituztelako. Izan ere, burtsa-merkatuen prezioak handitzen dira ez soilik pentsio funtsak eta beste aurrezkiak merkatuak zuzentzen dituelako, baizik eta akzioen bolumena txikitzen ari direlako. Akzioak korporazio-erasotzaileek erretiratzen dituzte, interes altuko zabor-bonoen trukean; korporazioek ere beren irabaziak erabiltzen dituzte beren akzioak erosteko, beste inbertsio batzuk egin beharrean. Aktibo-prezioko inflazioak itxaropena sorrarazten du, alegia, akzioak beste bati prezio handiago batean beti salduak izan daitezkeelako itxaropena.

(2) Alokatutako higiezin errealeko kargek -edo interes-kargek zein beste aktibo-jabetzaren kostuek- sortutako irabaziak eta finantza-gaitasuna gainditzen dituztenean, burbuila-ekonomia azaltzen da

(3) Zenbat iraun dezake burbuila batek? Non dago muga? Zor baten hazkundea zenbait aldagairen menpe dago: (i) kargaturiko interes-tasa; (ii) zorraren bolumena eta urtero berrordaindu behar dena; (iii) zergak eta beste kostu batzuek errenta bereganatzen duten maila.

Interes eta beste gastu batzuek errenta gainditzen duten momentutik, ekonomia murrizten hazten da. Ordainketa-katean laster gertatzen da etena. Baina ezin da iragarri etena noiz eta non gerta daitekeen.

(4) Burbuila-ekonomiak aktibo-prezioko inflazioa dakar eta burtsa-merkatuko, bono-merkatuko eta higiezin errealeko prezioak arriskuan jartzen ditu. Zor-zamen hazkundea askoz handiagoa da alokairuak, higiezin errealeko fluxua, korporazio-mozkinak eta gobernuen errenta fiskalak baino. Interes-kargek beste irabazi guztiak bereganatzen dituztenean, zor-deflazioa gertatzen da. Zergak, errenta-kostuak, zor-zerbitzua eta oinarrizko beste gastu batzuk kendu eta gero, batez besteko alokairua eta kontsumo-mailak jaisten dira: eta zor-zerbitzua, berriz, mailegu berrian eta espekulazioan ezartzen da.

Beste alde batetik, hartzekodunen eta zordunen arteko polarizazio ekonomikoa ondoko kausek areagotzen dute: aberatsen zerga-mozketak, finantza eta higiezin errealeko etekinen birklasifikazioak -kapital irabazien modura- eta «erreserba»-funts batzuen ez-zergapetzeak.

(5) Burbuilaren «osasunak» hiltzen ari den ekonomia behar du. Finantza-burbuila globalaren esentzia hauxe da: aurrezkiak desbideratzen dira, burtsa-merkatuko, bono-merkatuko eta higiezin errealeko prezioak altxatzeko, ez beste enpresa batzuk eraikitzeko eta lan-indar handiagoa enplegatzeko. Zor txarrek iraungo dute, eta berorien ispiluak diren espekulatzaileei mailegaturiko aurrezkiak (ekonomiaren aurrezki «txarrak») jadanik existitzen diren jabetzak eusteko erabiliko dituzte, ez aktiboak sortzeko.

(6) Ondorioz, Gizarte Segurantza pribatizatu nahi izan da nonahi. Helburua ez da izan gizarte segurtasuna bermatzea, burtsa-merkatua bermatzea baizik. Gobernu-tituluetan inbertitutako dirutza burtsa-merkatura zuzentzen baldin bada, ondorioa ekitate-prezioak altxatzea izango da. (Noski, sistema ordaintzen hasiko denean -erretiratuen kopurua sistemari ordaintzen dioten enplegatuen kopurua baino handiagoa denean- ondorioa burtsa-merkatutik fluxu-irteera izango da. Baina hori beste kontu bat da.)

(7) Ziklo ekonomikoez harago. Ziklo ekonomikoek kapitalismo industriala zuten ezaugarri. Finantza-kapitalismoa, berriz, ez da ziklokoa. Finantza-sistema globalak (hau da, AEBetan zentraturik dagoena), oso berria izanik ere, kapitalismoaren aurreko egoera islatzen du, alegia, zor-eskaerak ekonomiak produzitzeko eta irabazteko daukan gaitasuna baino handiagoak dira. Interesa daraman eta interes konposatuen bidez hazten den zorra oso «erreala» da, nahiz eta ekonomialari askok errealtzat ez hartu. Berriena hauxe da: zor-fenomenoa autonomo bilakatu dela, ez dago prozesu ekonomiko «errealen» menpe eta ez dauka inolako zerikusirik ohiko kapitalismo industrialarekin.

Beste alde batetik, modernoa hauxe da: nahiz eta zor-zama antzinatean agertu, gaur egunean beraren ispilu-irudia ongi etorria da. Baina zor/aurrezki erlazioa polarizazio ekonomikoarekin batera doa. Izan ere, ekonomiaren balantze-orriko aktibo aldean «aurrezkiak» agertzen badira, pasibo aldean beste batzuen «zorrak» azaltzen dira: hau da, pertsona edo erakunde batzuen aurrezkiek beren kontra-partida beste batzuen zorretan daukate.

Ba ote dago burbuila-ekonomiaz haragoko irtenbiderik? Baiezkoan gaude. Horretarako, alta, honako puntu hauek kontuan hartzekoak dira:

(i) Konturatzea FIRE ekonomiak, egungo ekonomiaren sektore nagusia, oso `erreala' dela, hau da, aparteko eragina daukala gainontzeko mundu ekonomikoan.

(ii) Onartzea egungo inbertsio gehiena sektore ez-produktiboan gauzatzen dela; hortaz, inbertsio produktiboa bultzatu beharra dago.

(iii) Inbertsio produktiboa gauzatzeko, lan-indarraren eta kapital industrialaren artean nolabaiteko itun estrategikoa egin behar da, zeren finantza-kapitalismoak biak ustiatzen baititu.

(iv) Kapital irabaziak eta mozkin industrialak ongi bereiztea, eta, ondorioz, programa fiskal aurrerakoi bat martxan jartzea eta berari eustea.

Sindikalgintza abertzaleak badauka non hausnar eta gero, zeri hel.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo