GARA > Idatzia > Euskal Herria

Tapiaren eta Betolazaren kontrako euroaginduen inguruko erabakia atzeratu egin dute

GARA |

Paueko Apelazio Epaitegiak atzo egin zuen Asier Tapia gaztearen aurkako euroaginduaren gainean erabakitzeko ikustaldia. Gaztearen defentsak askatzeko eskatu du eta epaitegiak erabakia datorren urriaren 23a arte atzeratzea erabaki du. Asier Tapia, joan den urriaren 2an atxilotu zuten Biriatu eta Hendaia bitartean, 2005 urtean Auzitegi Nazionalak eman zuen euroagindua izan zela-eta.

Donostiar gaztea 2001eko martxoan atxilotu zuten, bezperan gazte erakunde abertzalearen aurka egindako polizia operazioa salatzeko Donostian prentsaurrekoa eman ostean. Urte be- reko urrian, ordea, fidantzapean aske utzi zuen.

Epaitegi berak 2002 otsailean inputatu egin zuen «Jarrai-Haika-Segi» kasuan, beste dozenaka gazterekin batera. Epaiketan izan ez zelako bilatze eta atxilotzeko agindua eman zuen Auzitegi Nazionalak. Hala eta guztiz ere, urriaren 2an atxilo hartu zuten arte, Askatasunak jakinarazi duenez, gaztea normaltasun osoz bizi izan da Hendaian.

Atzeratu egingo dute ere Gorka Betolaza gaztearen kontrako euroaginduaren inguruko erabakia. Paueko Epaitegiak ostiralean aztertu zuen Gorka Betolazaren kasua eta atzoko iragarrita zen erabakia. Justizia iturriek aditzera eman zutenez, ordea, Paueko epaitegiak Estatu espainolari in- formazio gehiago eskatu dio, gaztea bere esku utziko duen erabaki aurretik.

Urriaren 26a arte

Hala, datorren urriaren 26a arte ez du erabakirik hartuko Paueko epaitegiak. Gasteiztar gaztea joan den irailaren 24an atxilotu zuen Polizia frantsesak, Lapurdin eta Nafarroa Beherean egindako operazioan.

Auzitegi Nazionalak gaztea Estatu espainolaren esku uzteko eskatu du, «Segiko kide izatea» leporatuta sei urteko kartzela zigorra bete dezan. Hain justu, justizia iturriek azaldutakoaren arabera, Paueko epaitegiak sententziaren kopia eta zigorra arrazoitu zituzten gertaeren zehaztasunak eskatu ditu.

Gaztearen abokatu den Maritxu Paulus-Basurkok joan den ostiralean azaldu zuenaren arabera, epaian aipatzen diren gertaeretako asko jazo zirenean Betolazak ez zen adinez nagusi eta, beraz, euroagindua ezin diote aplikatu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo