GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal ikasleria presente izan da Europako Ikasle Foroan, Grezian

Ikasle mugimendu andana Grezian bildu berri da, Europako Ikasle Foroaren hirugarren edizioan; euskal ikasleriaren ordezkari gisa, gainera, Ikasle Abertzaleak egon da bertan. Azaroaren 17a mobilizazio eguna izendatzea berretsi eta hurrengo hitzordua Belgikan egitea ebatzi dute. Gurera etorrita, Usurbilen izango da ikasleen nazioarteko eguneko hitzordu nagusia.

GARA |

Europako Ikasle Foroak egin berri du hirugarren jardunaldia, eta aurtengo agertokia Atenas izan du. Bertan, gainera, euskal ikasleriaren ordezkari gisa Ikasle Abertzaleak mugimenduko hainbat kide izan dira.

Goi Hezkuntza Esparruaren sorreraren aurrean, ikasle mugimendu desberdinek abiatutako borroken bilgune izateko asmoz sortutako foro hau Euskal Herrian jaio zen, Bakaikun alegia. Unibertsitate sistema aldaketen ondotik etorritako nazioarteko testuinguru politikoaren hausnarketa eta irakurketa egin zen lehenengo foro hartan. Urte bete geroago, 2006an, Parisen bildu ziren tokian tokiko ikasle mugimenduak Bologna Prozesuaren aurkako borroka nazioartera zabaltzeko asmoz.

Azken hitzordua, Atenasen izan da berriki; topaketa hauetan jada ezartzen hasia den unibertsitate eredu berriaren aurka, Europa mailako estrategia bateratua gauzatzea izan da eztabaidagi nagusia.

Norvegia, Alemania, Portugal, Galizia, Herrialde Katalanak, Ingalaterra, Andaluzia edota Italiako ikasle antolakundeak bildu dituen foro honetan, azaroaren 17a, ikasleen nazioarteko egun, ikasleen mobilizazio egun izendatu dute. Era berean, Europako ikasle mugimenduek sistema neoliberalaren aurka abiatu nahi duten estrategia bateratuaren baitan kokatuko dute data esanguratsu hau.

Europako Ikasle Foroaren hurrengo inflexio puntua 2009. urtean kokatu dute Belgikako Lovaina hirian. Izan ere, Bologna Prozesuaren ezarpenerako azken erabakiak adosteko bertan egingo baitute bilkura Europako hezkuntza ministroek.

Unibertsitate eredu neoliberalaren aurkako frontea gorpuzteko beharra dagoela uste du IAk, eta horregatik, «positibo» deritzo Europako Ikasle Foroaren ibilbideari.

Azaroaren 17an zita Usurbilen

Gurera etorrita, ikaslen nazioarteko egunak Usubilen izango du hitzordu nagusia, bertan egingo baitu Ikasle Abertzaleak-ek aurtengo Ikasle Eguna.

Euskal ikasleen kolektiboak dituen arazo eta erronken inguruan aritzeko Euskal Ikasleen Topaketak izango dira goizean. Bertan, nola ez, Bologna Prozesuaz arituko dira, besteak beste. Honetaz gain, mobilizaziorako tartea izango da, 19.30etan manifestazioa egingo baita Usurbilgo karriketan barrena. Ekitaldi politikoaren ostean kontzer- tuak egonen dira.

IKASLEEN HITZA

Hezkuntza agintariei ikasle kolektiboaren hitza errespetaraztea da Atenasen bildu diren ikasle mugimenduen helburuetako bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo